(argazkia: Vital Fundazioa)

Irudika 2023 egonaldietako ekoizpen artistikoak ikusgai Gasteizko Kordoi Etxean

Artista parte-hartzaileak Dani Scharf, ilustrazio kategorian, eta Blanca A. Izuzquiza, animazio kategorian, izan dira. Irudika Ilustrazioaren Nazioarteko 7. Topaketa Profesionalak Japonia, Polonia eta Nigeria izango ditu herrialde gonbidatu   

Irudika Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren egonaldi artistikoetan egindako lanak datorren ekainaren 10era arte ikusi ahal izango dira, Gasteizko Vital Fundazioaren egoitzan. Obra horiek Dani Scharf eta Blanca A. Izuzquizarenak dira, eta joan den martxoan hasi ziren sortzen, Angoulemeko Citè Internationale de la Bande Dessinée-n, Zapopaneko Egilearen Etxean eta BilboArte Fundazioan izan diren bitartean.

Bi artista hauek egonaldietan egindako lanak osagai sozial nabarmena du. Hala, Dani Scharf uruguaiarrak Good Fake News proiektua aurkeztu du. Intoxikazio informatiboa du ardatz eta albiste faltsuaren kontzeptua modu positiboan erabil daitekeela adierazten du bere obran. Kazeta formatuan oinarrituta, Scharfek hainbat gai jorratzen dituzten albisteak ilustratzen ditu, hala nola errenta unibertsala, klima-aldaketa, migrazioak edota genero-berdintasuna. Orotara hogei orrialde dira, jatorrizko lanen eta ilustratzailearen lan-prozesu osoaren bidez ikusgai.

Bestalde, Blanca A. Izuzquizak ¿En qué piensas? animaziozko film laburra erakutsiko du, formatu digitalean egina, ikuslea nerabezaroko osasun mentalaren arazoan murgiltzen du. Halaber, fotogramak, egilearen lan-koadernoak, eranskailuak, buztinezko irudiak eta egilearen lana testuinguruan kokatzeko azalpen-testuak ere badaude erakusketa honetan.

Artium Museoan, azaroaren 2tik 4ra bitartean, egingo den Irudikaren zazpigarren edizioa iragartzeko kartel ofiziala eta animazioa ere ikusteko moduan izango dira erakusketan.

Erakusketa Vital Fundazioaren Kordoi Etxean izango da ikusgai gaurtik ekainaren 10era bitartean. Bisita ordutegia: astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 9:30etik 13:30era.

Japonia, Polonia eta Nigeria herrialde gonbidatuak

Irudikaren zazpigarren edizioan Japonia, Polonia eta Nigeria izango dira herrialde gonbidatuak Mundu Ilustrazioko hiru mahai-inguruetako protagonista izan daitezen. Era berean, Mundo Editorialek Mexiko, Estatu frantsesa, Portugal, Kolonbia, Estatu espainola eta beste hainbat lekutatik etorritako gonbidatuak izango ditu.

Zabaldu: