Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute aurtengo epaimahaia.
Arabako hainbat herri aire zabaleko zinema entretenigarri bihurtu ondoren, Gasteizera iritsiko da Korterrazaren 14. edizioa uztailaren 20tik 22ra bitartean, Artium Museoaren kanpoaldean. Orotara hiru jardunaldi izango dira, film laburren aire zabaleko saioekin eta sei kontzertu indartsurekin: Sex Museum, Rufus T. Firefly, MFC Chicken, The Soulbreaker Company, Kamikaze Helmets eta Memphis. Guztiak doan edukiera bete arte.
“Hogei bat proiekzio egin ditugu Araban, oso sentsazio onarekin eta ikusle askorekin, eta orain Gasteizera iritsi gara. Artium Museora hurbiltzen den jendeak une guztiz entretenigarria izango du film laburren aukeraketa horrekin eta maila handiko sei kontzerturekin”, azaldu du Xabi Vitoria jaialdia antolatzen duen Kultura Kalean! Elkarteko kideak. “Ahalegin handia egiten dugu Araba osoari kultur jarduera interesgarria, entretenigarria eta denen eskura jartzeko. 2022an, 12.000 lagun inguru hurbildu ziren lurraldean zehar egindako proiekzio eta kontzertuez gozatzera”.
Gasteizen, Korterrazaren proiekzio gehienak uztailaren 20tik 22ra egingo dira. Hala ere, jaialdiak beste bi proiekziorekin jarraituko du abuztuan: 24an, 21:15ean, Artiumeko barne plazan, Korterraza Sentsibilizatu izango da, gizarte gaiei buruzko saio bat, eta abuztuaren 31n, 19:30etik aurrera, Zumaia plazan, haurrak izango dira protagonista Korterraza Txikiko film laburren eta proiekzioaren aurretik egingo den ipuin kontalarien saioetan.
Epaimahaia:
Korterrazaren edizio honetan, Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute epaimahaia. Hirurek lan zaila izango dute Alex Angulo Saria, Keler Saria eta Grupo Eleyco Saria Komediarik onenari nork irabazten duen hautatzen. Hiru sari horien irabazleak lehiaketaren gainerako sarietakoei gehituko zaizkie. Lehiaketan 8.000 euro inguru banatuko dira sarietan: Ikusleen saria-Laboral Kutxa Saria, Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Korterraza Txiki 2. Saria, Sentsibilizatu Saria, Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria.
Aurtengo lehengo saria eman dute jada: Bertako Igogailuak-Euskara Saria. Aitzol Saratxagaren Lanbroa film labur arabarrak jaso du euskaraz filmatutako lanik onenaren saria. Sari horrek, eskudiruzko haborokinaz gain, lehiaketaren Sail Ofizialerako hautatzea dakar.