Joan den ostiralean Ermuan egindako batzar orokorrean, fase berri bati ekingo diola iragarri du Euskara Elkarteen Federazioak. Aro berriak, ekinbide eta lan ildo berritzaileak baliatuz, euskararen erabilpenean jauzi bat ematea du helburu.
Azken lau urteetan Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izandako Kike Amonarrizek Irati Iciarri pasa dio lekukoa. Pasa den ostiralean Ermuan egindako Batzar Orokorrean iragarri zuten erreleboa.
Egindako lanaz harro agertu da Amonarriz “pandemiak baldintzatutako lau urte zail eta konplexu kudeatu beharra egokitu zait Topagunean, eta esango nuke modu egokian aurre egin diogula egoera korapilatsu horri”. Aldi berean, Topagunearen lehendakaritzaren lekukoa pertsona aproposari ematen diola ziurtatu du: “Itxaropen guztia dut Iratirengan. Iruditzen zait lehendakari fenomenala izango dela. Pertsona gaztea da, gasteiztarra, emakume baten ikuspegia ekarriko du… ekarpen oso inportantea izango da Euskaltzaleen Topagunearentzat”.
Iciar ez da berria zeregin horretan, lehendik ere Topaguneko zuzendari batzordeko kide baitzen. Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria izaki, ibilbide luzea du oñatiarrak euskalgintzan. UEU-ko koordinatzailea da gaur egun eta Amonarrizen ordezkapena ilusio eta gogoz hartuko duela adierazi du, “aitortu beharra daukat bertigo pixka bat dudala, baina batez ere itxaropena eta lan egiteko gogo izugarria daukat. Gainera, oso babestua sentitzen naiz. Topagunera nator, ibilbide luzea eta eragin handia duen erakunde batera, baina zaildutako lantalde sendo baten laguntasuna dut, ez nago bakarrik”.
Ez da hori izan Batzar Orokorrean iragarri duten nobedade bakarra. Izan ere, Topaguneak aro berri bati ekingo diola iragarri du. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela ondorioztatuta, etapa berriak erabilpenean jauzi bat ematea du helburu eta Batzar Orokorrean azaldu dutenez, Euskal Herri osorako baliagarria izango den proposamen integral bat garatzen ari dira. Amonarrizen esanetan, “bultzada berri bat behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuak, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea”. Iciar bat dator Amonarrizen hitzekin, “gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau”.
Proposamen horrek 14 kidez osatutako talde batek abian jarritako Batera Jauzi dinamika izango du oinarri eta azaroaren 18an Topaguneak Arrasaten egingo hirugarren kongresuan aurkeztuko da. Hain justu, Batzar Orokorrean ikusi du argia zazpi hilabetetan zehar eta hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean landutako Batera Jauzi dinamikaren irizpenak. Euskaltzaleen Topaguneako ordezkariek azaldu dutenez, deliberazio tarte bat irekiko da orain kongresura bitarteko denbora tartean, erakundearen hurrengo hamarkadetako lan-ildo eta estrategiak definituko dituen ponentzia definitiboa gorpuzte aldera.