(argazkia: Lazarraga Kultur Elkartea)

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunea urtea amaitu aurretik martxan izatea eskatu dio Lazarraga Kultur Elkarteak Udal Gobernuari

Elkarteak hilabeteak daramatza kudeaketa, komunikazio eta programazio plan ezberdinak lantzen, eta udazkenerako dena prest izango du. Gauzak horrela, atzerapen ezberdinak kalte itzela eragiten ari dira proiektuaren bideragarritasunean.

Urte pasatxo da Oihaneder Euskararen Etxeak bere jarduera eten zuenetik, une horretatik Lazarraga Kultur Elkartea (LKE) Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea izateko lanean aritu da, baina arazoak bata bestearen atzetik etorri direla aitortu du. Elkartearen ustez, “planifikazio egoki bat falta izan da, eta horren ondorioz gaude, gaur egun, egoera honetan. Horren ondorioz daramate Gasteizko hiritarrek 15 hilabete euskarazko kultura jarduera murriztuta, sorkuntzarako leku eta laguntzaren faltan eta euskaltzaleon topagune izateko erreferentziazko gunerik gabe”.

Hala, Euskara, Kultura eta Hezkuntza eta Kirol, Osasun eta Lankidetza Batzordean, Maria Nanclares, Euskara Zerbitzuaren ordezkaritza berezia duen zinegotziaren agerraldiaren ostean, Kultur Elkarteak eskaera zuzena egin dio Udal Gobernuari: “azkar ditzala egin beharreko izapide guztiak urtea amaitu aurretik Izaskun Arrue Kulturgunea martxan jarri ahal izateko”. LKEk urte osoa darama lanean, eta prest du kulturgunean gauzatu beharreko programazioa, baina oraindik ezin du aurrera eraman, eta bertako kideen ustez, “etengabeko atzerapen hauek kalte handia egiten diote proiektuari”.

Gasteizko Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatuko den Izaskun Arrue Kulturgunea ez dago bere ateak irekitzeko prest eta ezin da irekiera data bat aurreikusi. “Horrela adierazi zuen zinegotziak asteartean izandako batzordean, eta horrela jakinarazi digute udal arduradunek elkarrekin izandako bileretan. Eraikinari lotutako eta konpondu beharreko hainbat arazo, zenbait lizentzia izapide amaitzeko, eta horniketa teknikoa egin gabe dira irekiera eragozten duten arrazoi nagusiak”, azaldu du elkarteak.

Gasteizko Udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteak aurten sinatu zuten kulturgune berriaren kudeaketa gidatuko duen hitzarmena, eta urte hasieratik elkartea saiatu da uda ostean Gasteizko hiritarrei kultura egitasmo euskaltzalea eskaintzen, baina oraindik ez da posible izango. “Zoritxarrez, Udalak hartu beharreko erabaki batzuk ez ziren garaiz hartu, eta orain, ondorioak ari gara pairatzen”. Elkartearen ustez, aurreko Udal Gobernua gidatu zuten ordezkariek ardura zuzena izan dute oraindik bere ateak zabaldu ezin dituen kulturgunearen egoeran.

Egoera honen aurrean, LKEk eskaera zehatza egin die oraingo arduradunei: “urtea amaitu aurretik kulturgunea martxan jartzeko baldintzak bidera ditzatela”.

Elkarteak hilabeteak daramatza kudeaketa, komunikazio eta programazio plan ezberdinak lantzen, eta udazkenerako dena prest izango du. Gauzak horrela, atzerapen ezberdinak kalte itzela eragiten ari dira proiektuaren bideragarritasunean. Halaber, elkarteak Arabako hainbat eragile erreferenterekin proiektua babesteko hitzarmenak landu ditu eta egoera honek ez du batere laguntzen adostutakoa betetzeko. Beraz, “nahitaezkoa da lehenbailehen ziurtatzea kulturgunea urtea amaitu aurretik zabalduko dela”, azpimarratu dute.

Kezka eta ezinegon hau behin eta berriro jakinarazi zaie oraingo udal arduradunei, eta arretaz entzun arren, oraindik ez da lortu kulturgunea zabaltzeko data bat ezartzea.

Garaia da egoera hau bideratzeko, eta lehenbailehen, gasteiztarrek gogotsu espero duten kulturgune euskaltzaleak bere ateak parez pare zabal ditzan. Lazarraga kultur Elkartea ahalegin horretan ari da buru-belarri, eta espero du gainontzeko eragileak ere zentzu horretan lanean aritzea.

Zabaldu: