‘Larra Bideak’ izeneko diskoa argitaratu du Iñaki Larraiozek

Iñaki Larraioz Nafarroako musikariak Larra Bideak izeneko bere lehen bakarkako proiektua kaleratu du. Funtsean, jauzi baten kronika izoztua biltzen du zazpi abestiko diskoak. “Behingoz zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erotzearen arteko puntu lauso horretan” kokatu du bere musika sortzaileak, esperantzarako zein etsipenerako distantzia berera, eta pop, folk eta blues uztartze intimista baten bidez egiten du zalantzaz eta esperantzaz betetako istante horren erretratu musikala Larraiozek.

Larraiozek iazko udaberrian Berako Atala estudioan grabatu zuen diskoa, Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzarekin (Belako, Joseba Irazoki, Napoka Iria, Jabier Muguruza…) eta era analogikoan. Argibel Euba bateria jotzaileak lau abestitan parte hartu du, gainerakoan Larraiozek berak grabatu ditu diskoan entzuten diren musika tresna guztiak: gitarra, baxua, ahotsa, perkusioa eta teklatua. Irazokik berak egin ditu nahasketak, eta Jonan Ordorikak masterizatu du Azkarateko Mamia estudioan.

Ez da disko kontzeptuala, baina 2015 eta 2017 urteen artean Larraiozek Frantzian egindako egonaldi luze batean izandako bizipenak ditu oinarri, eta badago osotasun asmo bat ere: Zorua abestiarekin hasi, eta Zerua abestiarekin bukatuz. Iñigo Astiz idazle eta kazetariaren laguntza izan du Larraiozek bere esperientziak letra bilakatzeko.

Lander Muñagorri diseinatzaileak egin du diskoaren atmosferarekin estu lotutako diseinua, Arriguri taldeak egin du Zerua abestiaren bideoklipa eta bikote modura dabil orain Larraioz diskoa zuzenean eskaintzen Asier Zudaire musikariarekin batera.

Zabaldu: