Horretarako, urriaren 5etik 21era bitartean irekita egongo den Tradizioak/Traizioak erakusketa eta hilaren 13an eskainiko duten errezitaldia antolatu dituzte.
Oiartzungo Ehuntze sormen espazioak eta Metrokoadroka kolektiboak 21 aulki zikloa antolatu dute. Aurtengo edizioan arte plastikoei zirrikitua zabaltzea izango da asmoa, diziplinartekotasunaren bidean arte plastikoak literaturarekin elkarrizketan jarriz. Horretarako, Onintza Etxebesteren Tradizioak/Traizioak erakusketa ikusi ahal izango da, eta Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarte idazleek erakusketako artelanetan oinarritutako testuak idatzi eta errezitatuko dituzte.
Erakusketari dagokionez, bere oinarria euskal iruditeriarekin lotutako esanahiak berrasmatzean datza. Antolatzaileek azaldu dutenez, “herri-ondare diren irudi tradizionalekin esperimentatzen duen prozesua da, gure erreferente kulturalen kontserbazioaren eta subertsioaren artean sortzen den eztabaidan kokatzen dena”.
Bada, tradizioari egiten zaion traizioa deliberamenduaren unean hasten da, elementu batzuk gorde eta transmititzea jomugan duen bezala errelato jakinak eraikitzen baititu eta, era berean, beste batzuk kanpoan utzi. Aldeko edo kontrako hautua egiterakoan tradizioari traizionatzen zaio; joerak egonkortzerakoan, traizioa tradizio ere bilakatzen da.
Erakusketa honek jasotzen duen instalazioak, hainbat pieza direla medio, “argazki zahar horiek bildu, zatikatu, editatu, elkarlotu eta zabaldu egiten ditu. “Irudien gainean burututako prozedurek imajinarioaren hedapenaren eta erretrakzioaren tarteko bideak dira eta, nolabait, errelato iraunkor eta eraldakorren mugetan posizionatu nahi gaituzte”. Tolesdura, ebaki eta muntadurak gainjarrita, traizioak bide ematen dio beste trama bati, narratibaren artikulazio interpretatibo bati”.
Tradizioak/Traizioak erakusketa urriaren 5etik 21era egongo da ikusgai, Oiartzungo Ehuntze Sormen Lantegian. Beraz, bihar, arratsaldeko 18:00etatik aurrera irekiko ditu ateak erakusketak, 19:00etan gainera, artistaren aurkezpena izango da.
Bestalde, hilaren 13rako, errezitaldi bat antolatu dute, 18:00etatik aurrera. Literaturan eta poesian oinarrituta, erakusketaren berrinterpretazio bat egingo dute Aranak, Labandibarrek, Karmele Mitxelenak, Olatz Mitxelenak eta Ugartek.
Erakusketa astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era egongo da irekita, eta larunbatetan 11:00etatik 13:30era. Artista larunbatetan izango da bertan.