(argazkia: Durangoko Azoka)

‘Fantasia DA!’ lelopean dator 58. Durangoko Azoka

Ximon Agirre artistak sortu du aurtengo kartelerako irudia, fantasiaren gaia ardatz hartuta. Abenduaren 6tik 10era izango da aurtengo edizioa.

58. Durangoko Azokaren lema eta kartela aurkeztu dituzte gaur, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujika eta Beñat Gaztelurrutia koordinatzailea eta Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista) guneetako arduradunak, besteak beste.

Dagoeneko 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen ametsetik. “Fantasia hura errealitate bihurtu zen, eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua da”. Mujikak azaldu duenez, “euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia”. Hain zuzen, lema horixe izango da: Fantasia DA!. Ideiaren atzean dagoen unibertsoaz hitz egin du Gerediagako presidenteak. “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.

Fantasiaz beteriko kartela

Aurtengo edizioko kartela Ximon Agirre artistak (Hernani, 1994) egin du. Artean graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma edota Kilimak musika taldeentzat egin du lan gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.

Agirrek adierazi du “ilusio handiz” hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, Durangoko Azoka “kulturaren erakusleiho handi bat” izateagatik, eta baita bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak ere egin izan dituelako. Kartel honetakoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua. “Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko”, esplikatu du Agirrek. Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzeko helburua izan du. “Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak…) pertsonaia fantastikoekin uztartuz”.

Egitaraurako proposamenen epea, zabalik

Egitaraua prestatzen hasita daude guneetako antolatzaileak. Mujikaren arabera, askotariko eskaintzak egongo dira Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian, “hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta fantasia ere bai”, azaldu du aurtengo lemari erreferentzia eginez.

Gaztelurrutiak gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, www.durangokoazoka.eus webgunean, hain zuzen.

Aurtengo edizioan, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da, eta Durangora etorri ezingo duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahal izango dute. Ikasle Goiza izan arren, azoka bisitari guztientzat zabalik egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Bestalde, 2020an online azoka ipini zen martxan, pandemiak eragindako egoerak behartuta. 2021ean, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean. laz, onlineko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, azaldu du Gaztelurrutiak.

Amaitzeko, Azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaio. Ekimen honi esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Hauetako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dira. Liburu saltokientzat izen-ematea asteon zabaldu da.

Zabaldu: