Epaimahaiaren esanetan, Larrosa bat Groenlandian testuak estilo propioa markatzen duten baliabide literarioen aberastasuna eta dotorezia erakusten ditu.
Iban Garro Alzurik eta Imanol Ulacia Aramendik Iruña Hiria Nazioarteko XVII. Poesia Saria jaso dituzte, Larrosa bat Groenlandian eta Maravillas del espacio olerki-bildumengatik. Lehenak euskarazko modalitatean irabazi du garaikurra eta bigarrenak gaztelaniazkoan. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako lehiaketaren edizio honetan 444 lan aurkeztu dira, horietatik 430 gaztelaniaz eta 14 euskaraz.
Garrok eta Ulaciak 3.000 euroko saria eta beren lanekin argitaratutako liburua jaso dituzte Iruñeko Kondestablearen jauregiko patioan egin duten sari banaketa ekitaldian.
Gotzon Plaza Jaio poeta eta lehiaketaren aurreko edizioko irabazleak, Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editoreak, Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko Euskara batzordekideak eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidenteak osatu dute epaimahaia euskarazko modalitatean. Haien ustez, Garroren lanak “estilo propioa markatzen duten baliabide literarioen aberastasuna eta dotorezia erakusten ditu”. Poema-liburuak “gogoeta sakonak planteatzen ditu kontraesan kontzeptualak dituzten zenbait bertsoren bidez, eta horiei esker, irakurlea obran sakontzen jarraitzera lotzen du”. Iban Garro Lesakako poeta eta bertsolariak hainbat sari jaso izan ditu aurretik, besteak beste, Iruñeko Udalak egile berrientzako antolatutako euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketako lehen saria.
Bestalde, Imanol Ulacia zumaiarra da eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktore, irakasle eta ikertzaile lanetan. Bere irakasle ibilbidea eta zenbait poema-libururen egile-ibilbidea uztartu ditu; liburu horietako batzuk duten kalitateagatik ere saritu dituzte.