(argazkia: Irekia)

Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, Miren Billelabeitia, Alejandro Morellon eta Ander Izagirre dira Literatura Sarietako gainerako sarituak

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo da.

Joan den astean eman zituzten ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak. Gaur, berriz, gainerako lauak ezagutzera eman dituzte: Miren Billelabeitiak saiakera saria irabazi du, Norberak maite duena lanarengatik, Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik Paradisua lanarekin eskuratu dute euskarazko literatura itzulpena saria, Alejandro Morellon idazleari gaztelerazko literaturako Euskadi saria eman diote El peor escenario posible lanagatik eta Ander Izagirrek gaztelerazko saiakerakoa eraman du, Vuelta al país de Elkano saiakeragatik.

Epaimahaiaren iritziz, Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena liburuak “irakurketaren plazerra eta garrantzia defendatzen du, eta proposatzen du metodologia dialogikoaren bitartez, klasikoak eguneko gaietara eramatea, gazteekiko hartu-emana izatea eta irakurle gazteen arreta piztea”. Ane Miren Larrinagak, Nekane Goikoetxeak, Ainhoa Novok, Juan Ramon Makusok eta Xabier Aierdik osotutako epaimahaiak uste du Billelabeitiak “estilo dotorea, idazkera jasoa, prosa zaindua eta fina” erabiliz sortutako “testu biribila” dela Norberak maite duena.

Bestalde, Xabier Olarrak, Jose Manuel Lopezek, Koldo Bigurik, Arantxa Etxebarriak eta Idoia Gilleneak osotutako epaimahaiak erabaki du aurtengo Euskarazko Literatura Itzulpenaren saria Maialen Berasategiri eta Joxe Mari Berasategiri ematea Abdulrazak Gurnah Nobel Saridunaren Paradisua euskaratzeagatik. Epaimahaiko kideen arabera, “irakurketa gozoko testua” lortu dute itzultzaileek, “itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta”. Epaimahaiak uste du “euskara idatziaren tradizio klasikotik aldendu gabe, Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe hurbiltzen zaio euskal irakurleari, gozamen eta atseginbide bihurtuz belarriarentzat liburu honen irakurketa”.

Edurne Portelak, Juan Infantek, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osotu dute Gaztelaniazko Literatura modalitateko epaimahaia. Hauentzat Morellonen El peor escenario posible liburua argia eta dibertigarria da, “irakurketa gozagarria”. Epaimahaiaren hitzetan “gogoeta egiten du, adimen handiz eta umore beltzaren dosi onekin, ezohikoarekin eta zoragarriarekin dugun harremanaz, egoera arrotz edo ustekabekoetara egokitzeko dugun gaitasunaz, eta horrek bizirauten laguntzen digu, baina baita izaki apatiko ere bihurtzen gaitu”.

Azkenik, gaur iragarritako laugarren sariaren inguruan epaimahaiko kideek uste dute Izagirreren Vuelta al país de Elkano-k idazketan “ikerketa historikoaren zorroztasuna hizkera zabar eta umoretsuarekin konbinatzen” duela, “obra irakurtzen duenari pertsonaiak eta gorabehera historikoak hurbiltzen dizkiona”. Maria Jesus Pandok, Iñigo Maraurik, Maria Pilar Rodriguezek, Maria Gorosarrik eta Mikel Reparazek osotutako epaimahaiak gaineratu duenez, Izagirrek “pertsonaia heroikoen desmitifikazioa eskaintzen du, baina gure begirada garaikidera hurbilduz. Kazetaritza pausatuaren tekniken eta xehetasun esanguratsuaren aukeraketan asmatzearen eskutik, ohiko kronika batetik haratago doan lan bat sinatzen du. Horrela, tesi originala eta korrontearen aurkakoa proposatzen du, herri isolatu baten iruditik aldentzen dena, itsasora begira bidaiatzen, arakatzen, eboluzionatzen eta nahasten den gizarte baten ikuspegian sakontzeko”.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu. Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo da.

Zabaldu: