Gema Lopez Las Herasek irabazi du aurtengo Jokin Zaitegi Saria (argazkiak: Elkar)

Literaturako Nobel Saria euskaratzeko Jokin Zaitegi saria martxan da

Parte hartu nahi duenak Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogien eleberria (hiru eleberri laburrez osatua) euskaratu beharko du.

Beste urtez batez, Jokin Zaitegi Sariketa deitu dute Arrasate Euskaldun Dezagun Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko idazlea gogoratzeko asmoz, eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Itzulpengintza arloko sariketa hau Literaturako Nobel Saria irabazi duten autoreen lanak euskaratzea du xede.

2023an Suediako Akademiak Jon Fosse idazle norvegiarrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren Trilogien eleberria (hiru eleberri laburrez osatua) itzularaztea da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan. Horretarako, antolakuntzak proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.

2023ko abenduaren 31ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko. Ondoren, epaimahaiak itzulpen egokiena aukeratuko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, Santi Leonek, Gema opez Las Heras eta Juan Mari Mendizabalek osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2024ko urtarrila amaitu baino lehen.

Irabazleak 4.000 euroko saria irabaziko du Trilogien itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2024ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.

Elkar etxeak argitaratuko du Jon Fosse idazlearen lana euskaraz, eta 2024ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.

Harremanetarako: 943310267 eta 943771228 telefono zenbakietara deituta edo aed@aedelkartea.eus eta liburuak@elkar.eus helbidetara idatzi beharko dute parte hartu nahi dutenek.

Zabaldu: