Tanta elkartasun ekimenaren bosgarren edizioa abiatu du Ikastolen Elkarteak

Tantaren edizio honetarako hautatutako gaia Eskolarteko Bertsolari Txapelketa izango da. Txartela ikastoletan, ikastolen jaien dendetan eta ikastolen jaien denda ibiltarietan eskuratu ahal izango da.

Ikastolen Elkarteak Euskal Herriko bost ikastolen jaien Tanta elkartasun ekimenaren bosgarren edizioa abiatu du dagoeneko. Elkarteko kideek azaldu dutenez, “ikastolei eta ikastolen proiektuei babesa emateko txartelak eskuratuta, 60.000 euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratu ahal izango da”. Datorren urteko ekainaren 21ean egingo da zozketa, notario aurrean. “Bi zenbaki aterako dira: irabazlea, eta ordezkoa. Zenbaki saridunaren jabeak hilabete bateko epea izango du saria eskatzeko, eta agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabearentzat izango litzateke saria”, azaldu dute.

Tantaren edizio honetarako hautatutako gaia Eskolarteko Bertsolari Txapelketa izango da. 1980eko hamarkada hasieran ekin zion Ikastolen Elkarteak bertsolaritza ikastoletan lantzeari, eta, lanketarekin batera, Eskolarteko Txapelketa antolatzeari ere bai.

“Euskal kulturaren oinarrizko erreferente bihurtu da Eskolartekoa, asko eta asko baitira lehen pausoak bertsoak kantatuz eman dituzten euskal sortzaileak, gerora bertsotara zein beste edozein sormen-jardueratara bideratu dutenak euren ibilbidea. Fruitu-emaile oparoa da Jon Lopategi eta Mikel Mendizabalen eskutik abiatu genuena, Euskal Herri osora hedatu den proiektua”, adierazi dute antolatzaileek.

Txartela ikastoletan, ikastolen jaien dendetan eta ikastolen jaien denda ibiltarietan eskuratu ahal izango da.

Zabaldu: