(argazkia: Zornotzako Udala)

Xabier Amuriza protagonista izango duen asteburu kulturala antolatu dute Zornotzan

Bihartik igandera bitartean, hainbat jarduera antolatu dituzte, horien artean daude antzezlan bat, herri bazkaria eta musika ikuskizuna, Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta bertako musikariekin.

Euskal Herriko Doinuak 2023 Etxano – Xabier Amuriza, Torreburutik Euskal Herrira kantuz’ programa aurkeztu du Etxanoko Andra Mari Berri auzo elkarteak, Zornotzako Udalaren eta hainbat eragile eta erakunderen laguntzarekin. Etxanon urtero antolatzen den Kultur Asteburu honen baitan, aurten Kantua aukeratu dute ardatz nagusi. Hori horrela, azaroaren 10etik 12ra izango den egitaraua aurkeztu du Olaia Hormaetxea Etxanoko Andra Mari auzo elkarteko ordezkariak: “ostiralean haurren kantaldia izango da, larunbatean egun osoko egitarau betea izango dugu, eta igandean, irrintzi ikastaroaren ondoren, Etxanoko auzotarren eta Amorebieta-Etxanoko abesbatzen kontzertuarekin amaituko dugu”.

Xehetasun gehiagoz, Hormaetxeak azpimarratu du larunbateko omenaldia asteburuko une garrantzitsuenetako bat izango dela: “egun osoa hartuko duen egitarau oso batekin burutuko da. Goizean, Xabier Amurizak idatzitako Bizitza bat oroimenean liburu autobiografikoaren pasarte bat antzeztuko dugu Bizkargin, Autzaganen, Torreburun eta Etxanoko elizan, antzezpen honen amaieran, Brioletak abesbatzak parte hartuko du Etxanoko elizan. Ondoren, bideo bat proiektatuko dugu eta goiza bazkari herrikoi batekin itxiko dugu. Bazkalostean, Eneko Larruzearen errezitaldia izango dugu. Iluntzean, Amorebieta IV pilotalekuko sarreran, Soinu Txikik emanaldi txiki bat eskainiko du. Ondoren, 21:30ean, euskal herriko hainbat gonbidatu berezirekin ikuskizun bat antolatu dugu: Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta bertako musikariekin”.

Ainhoa Salterain alkateak azaldu duenez, “Xabier Amuriza Amorebieta-Etxanok eman duen figura nabarmenetako bat da, gure historian aztarna ezabaezina utzi duena eta gure euskal nortasunari eta kulturari ekarpen handia egin dion pertsona aparta. Neurri honetako pertsonaiei omenaldia egitea ez da soilik errekonozimendu eta esker oneko ekintza bat, baizik eta haien ondarea etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko modu bat ere bada. Amurizaren lorpenek eta ekarpenek erakusten digute potentzial handia duen komunitatea garela”.

Halaber, Amurizak bertsolaritzaren munduan izan duen eragina eta euskalgintzaren alde egin duen lana azpimarratu du Salterainek. “Harro egoteko moduko motiboa da zornotzar guztiontzat, ez bakarrik beren lanengatik, baita bi alorretan ekarri dituen iraultza eta berrikuntzagatik ere. Etxano etxea da Amurizarentzat, eta hemen, Etxanon, hasi zen dena. Anekdota bezala, gogora ekarri nahi dut bere lehenengo bertso emanaldia Etxanoko Autzagane tabernan izan zela, bere aitarekin batera”.

Bestalde, Jon Artabe zinegotziak adierazi duenez, “Amurizak, bere bizitzaren eta obraren bitartez, norberaren lanak, dedikazioak, ahaleginak eta pasioak duen garrantzia erakutsi digu. Baita ere erakutsi digu, gure ingurunetik abiatuta lorpen handiak lor ditzakegula eta munduan ezberdintasuna markatu. Ondare hori inspirazio-iturri da gu guztiontzat”.

Sarrerak

Amorebieta IV pilotalekuko ikuskizunerako sarrerak doakoak izango dira, baina sarrerak zornotzaaretoa.com webgunean eskuratu beharko dira aldez aurretik.

Zabaldu: