Ostegunean abiatuko da Donostiako LABO XL Espazio eta Hizkuntza Eszeniko Berrien Jaialdia

Igandera bitartean, dantzaz, antzerki eta zirku garaikideaz eta jarduera paraleloz betetako egitaraua antolatu dute.

Ostegun honetan, azaroak 16, LABO XL Espazio eta Hizkuntza Eszeniko Berrien Jaialdiaren bosgarren edizioa abiatuko da Donostian. Dantzaz, antzerki eta zirku garaikideaz eta jarduera paraleloz betetako lau eguneko jaialdia izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Amahiru konpainiak, esaterako, Duzhe gaizki izeneko antzezlana eskainiko du, Rebeca Carrerak, berriz, Señora. Horrez gain, Gipuzkoako Dantzagunean sorkuntza-lanean aritzen diren hainbat konpainia izango dira, tartean Ainhoa Usandizaga eta ostegunean bertan estreinatuko duen Bihar pieza berria.

Jaialdiak gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa erabiltzen dituzten adierazpen artistikoetan jartzen du arreta. 2019tik, LABO XLren lau edizio egin dituzte, eta, guztira, 57 konpainia igaro dira bertatik. 50 ikuskizun baino gehiago ikusi ahal izan dira, baita mota guztietako topaketa profesional paraleloak ere. Bosgarren edizioa 2023ko azaroaren 16tik 19ra izango da, ostegunetik igandera. Honetan, 19 ikuskizun, bi hitzaldi, topaketa profesional bat eta mugimendu-tailer bat antolatu dituzte, baita hainbat topagune eta jarduera paralelo ere. “Aurten, inoiz baino gehiago, jaialdiak presentzia unibertsala izango du Euskal Herriko eta nazioarteko proposamenekin”. Hala, Euskal konpainiek eta euskarazko lanek Europako hainbat tokitako proposamenekin bat egingo dute, eta, gainera, emakume sortzaileen lana erakusten dute eremu eszeniko guztietan: zuzendari, ekoizle edo teknikari gisa.

Egitarau osoa ikusteko, hemen.

Zabaldu: