‘Bizkarsoro’ euskarazko film luzea urtarrilaren 12an estreinatuko dute Euskal Herri osoan

Josu Martinez zinemagileak zuzendutako lehen fikziozko lana da eta 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio erreal kontatzen ditu.

Bizkarsoro ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. Josu Martinez zinemagileak (Bilbo, 1986) zuzendutako lehen fikziozko lan hau 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorioz osatuta dago. “Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, XX. mendeko kontakizun soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa da”, azaldu du lantaldeak.

Filma Donostiako 71. Zinemaldiaren Zinemiran aurkeztu zuten eta handik Donibane Lohizuneko Nazioarteko Zinemaldira eta Hazparneko Zinegin jaialdira egin zuen jauzia. Orain Euskal Herriko zinema areto guztietan proiektatzeko garaia heldu zaio pelikulari eta lantaldeak ostiralean, urtarrilak 12, estreinatuko du zazpi lurraldeetan. Hortik aurrera, zinema komertzialaren zirkuitutik at, ahalik eta gehien zabaltzea da lantaldearen asmoa.

Horretarako hiru proposamen egin dituzte: lehena, filma soilik proiektatzea. Horretarako, Gastibeltzak sortutako dinamizaziorako gida bat eskainiko zaie antolatzaileei, ondorengo solasaldia prestatu eta dinamizatu dezaten; bigarrena, filmaren proiekzioa eta lantaldeko parte-hartzaile baten presentzia; eta hirugarrena, filmaren proiekzioa eta lantaldeko kide baten parte-hartzea online.

Zabaldu: