Iñigo Satrustegi eta Arantzazu Lizartzarentzat Egile Berrientzako Euskarazko Literatura Lehiaketaren lehen sariak

Lehiaketaren edizio honetara 21 lan aurkeztu dira, iaz baino hiru gehiago. Horietarik, hamabi poesia modalitatekoak izan dira eta bederatzi narrazio laburrekoak.

Iruñeko Udalak Egile Berrientzako XXXIII. Euskarazko Literatura Lehiaketako irabazleen izenak eta lanak eman ditu argitara: Iñigo Satrustegik narrazio laburreko kategorian, Oheak gordetzen duena lanarekin, eta Arantzazu Lizartzak Ez-lekuak poema-bildumarekin. 2.500 euroko lehen sariak irabazi dituzte biek.

Epaimahaiaren arabera, Oheak gordetzen duena lanean Satrustegik “heldutasunez heltzen die familia baten bizipenei. Zaintzak, familia-sekretuak, ezkutuko gatazkak eta miseriak erakusten ditu, tramaren erritmoari eutsiz eta maila handiko lana sortuz”.

Lizartzaren Ez-lekuak poema-bilduma, berriz, “trinkoa” dela dio epaimahaiak, “batasun eta barne-koherentzia handikoa”. Egileak “gaurkotasuna eta egunerokotasuna erakusten ditu oreka eta desorekaren arteko pultsua agerikoa den indar handiko poemen bidez. Azken finean, maila handiko lana da edukiari eta estiloari dagokionez”.

Epaimahaia Castillo Suarez idazle eta Euskaltzaindiako kideak eta Beatriz Chivite eta Nerea Balda filologo eta idazleek osatu dute. Epaimahaiburua Clara Garcia-Valiño izan da, epaimahaia bildu zenean Kulturako zinegotzi ordezkaria zena. Saritutako lan guztiak, emandako aipamen berezia barne, Iruñeko Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dira.

Saritutako beste lan batzuk

Narrazio laburreko bigarren saria, 1.000 eurokoa, Idoia Granizoren Gure esku balego bezala lanarentzako izan da. Itsasargi bakarti batean bizi den bikote baten bizitza lasaia kontatzen du, erabat aldatuko dena bisitari ezezagunak hurbiltzen hasten direnean. Hirugarren saria, 500 eurokoa, Ipar Alkainek irabazi du Debekatuta dago belarretan jatea lanagatik, idazleak irakurlea segituan harrapatzea lortzen duen ezin hobeki girotutako kontakizuna.

Poesiako kategorian, Rakel Pardok irabazi ditu bigarren sariaren 1.000 euroak, Izatearen negelak lanari esker. “Hausnarketa literario sakon eta indartsua da, barnerako begirada sorta bat ezin hobeki idatzitako testu filosofiko batean”, adierazi du epaimahaiak. Hirugarren saria, 500 eurokoa, Sonia Ortiz de Arriren Bidasoa lanak irabazi du. Literatura saiakera horretan egileak espazioekin jolasten du eta naturaren alderdi idilikotik urruntzen da. Azkenik, Satrustegik berak 250 euroz hornitutako aipamen berezia lortu du poesiako kategorian, Ebakidura ariketak lanarekin, hitzekin jolasteko borondatea duen literatura ariketa bat.

Zabaldu: