(argazkia: EKE)

Maite Idirin euskal abeslaria zendu da

Euskal kantagintza berriko ikurretako bat izan zen Idirin.

Ugaon jaio zen Maite Idirin euskal abeslaria, 1943ko uztailaren 12an. Musika Ikasketetan diplomaduna (Maurice Ravel Kontserbatorioa), euskal kantagintza berriko ikurretako bat izan zen. Gitarra alboan zuela 1968an hasi zen herriz herri kantatzen eta urte bereko Durangoko Azokan Atahualpa Yupanki euskaraz diskoa kaleratu zuen.

Artean Francoren diktadura garaia zen, euskal kantagintzarentzat une zailak, zentsura zela-eta. Baina garai emankorrak ziren sorkuntzarako. Euskal kantagintza berritzen ari zen. Bittor Egurrolarekin, Beti Alai taldearekin eta Zintzoak bikotearekin Herrikoi taldea sortu zuen Idirinek. Ez Dok Amairuren garaia zen, halaber. Eta norabide bertsuan eraman zuten euskal kantagintza, zentsuraren oztopoak gaindituz.

Arrazoi politikoengatik, lehenik Baionara eta ondoren Parisa alde egin beharra izan zuen kantariak, 1969an. Bermeoko portutik irten zen, uztaileko gau batean ihesi. Baionarainoko bidea barkuan egin zuen, eta handik Parisera joan zen.

Hurrengo urtean Migel Arozena gipuzkoarraren Candelaria kafe antzokian hasi zen kantuan, euskaraz, Parisko Auzo Latinoan. Hiru urte egin zituen horrela, eta bi disko txiki atera zituen. 1970ean Parisko Pathe Marconiren estudioetan grabatu zuen lehena, Felix Ibarrondok eta Oleagak egindako bina kanturekin, Goiztirik argitaratuta, eta 1972an Hurrengoa, Arratiako Oihartzunak ahots taldearekin, Bernat Etxepareren hainbat letraren gainean Joxe Mari Arrizabalaga organistak moldatutako doinuekin, Elkar diskoetxeak argitaratua. Garai hartan Frantziako FR3 telebistak hainbat kantaldi-elkarrizketa grabatu zizkion Idirini, Estrasburgon, Parisen, Marsellan eta beste zenbait hiritan. Soziologia ikasi zuen Vincennesen.

1973an Euskal Herrira itzuli zen, Jokin Apalategi senarrarekin eta Ur semearekin. Baionan Zabal liburu denda ireki zuten, eta emanaldi ugari eskaini zituen, ikastolen loraldia hasi baitzen.

Franco diktadorea hil zenean, Hegoaldean hasi zen abesten berriz ere. Halaber, Baionako kontserbatorioan musika ikasketekin hasi zen 1975ean. 1979an Baionako kantuzko urrezko domina jaso zuen. Ondoren Bordelen jarraitu zuen ikasten, eta 1981ean hango kantuzko urrezko domina eskuratu zuen. Ordurako lehen disko luzeak kaleratuak zituen: Hazia sortzen denez lurpean jarria… (Elkar, 1975) eta Ahizpatasuna (Elkar, 1979), azken hori Gotzon Aulestiaren laguntzarekin moldaketetan. Bi disko haiek Iparraldeko musikariekin grabatu zituen, tartean Errobi taldeko batzuk. Halaber, Ez Dok Amairu desegin ondoren sortutako Ortziken taldean parte hartu zuen.

2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Ohorezko Saria jaso zuen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2014ko maiatzaren 30ean.

Idirin aspalditik bizi zen Angelun. Iaz, Maite Idirin, herrigintza kantuz liburua argitaratu zuen UEUk, bere ibilbide guztia biltzen duen argitalpena.

Zabaldu: