(argazkia: Victoria Eugenia Antzokia)

Kukai Dantzak eta Jesus Rubiok ‘Txalaparta’ ikuskizuna estreinatuko dute asteburu honetan Donostian

Taula gainean, Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga, Urko Mitxelena dantzariak ikusiko ditugu Jon Maya eta Jesus Rubioren gidaritzapean.

Txalaparta Kukai Dantzaren eta Jesus Rubio Gamo koreografoaren arteko elkarlanaren ondorioz sortutako ikuskizun berria da. Lantaldeak azaldu duenez, “ez du mugarik, askatasun-eremua da. Zazpi interprete errotiko dantzaren eta haiekiko ikuspegi garaikide baten arteko topaketak proposatzen duen espazio emozionalean murgiltzen dira. Lurretik sortzen den, orainean durundi egiten duen eta ahots eran euri-jasan erortzen den erritmoa, memoriaren eta geroaren eraikuntzaren artean eraikitako gorputzen gainean”.

Piezak gorputzarekin harremanetan sartzen den musika instrumentua ulertzeko modu bat erakusten du, indibiduala dena kolektibo bilakatzeko bidea. “Gorputzean instalatuta dugun memoriak gure egungo izaerarekin duen harremanari begiratzen dio”.

Taula gainean, Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga, Urko Mitxelena dantzariak ikusiko ditugu Jon Maya eta Jesus Rubioren gidaritzapean.

Musika konposizioari dagokionez, Aitor Etxebarriak egin du. David Bernuesek, berriz, argi diseinua, eta jantziak Leire Santillanek diseinatu ditu. Aholkulariak ere izan dituzte ikuskizuna ontzerako orduan: Aitor Beltran txalapartaren gainekoa, eta Imanol Elizasu ahots teknikan.

Ikuskizuna otsailaren 3an eta 4an estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Estreinaldiaren bezperan, otsailaren 2an, entsegu orokorra izango da Victoria Eugenian bertan, iluntzeko 19:00etan. Gonbidapenak eskuragarri daude antzokiko webgunean eta leihatilan. Bi sarrera gehienez pertsona bakoitzeko.

Txalaparta ikusteko sarrerak, berriz, eskuragarri daude Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta baita Donostia Kulturaren webgunean ere. Larunbateko emanaldia 19:30ean hasiko da eta igandekoa 19:00etan.

 

Zabaldu: