Laineza. Kultura haragi bizitan (2022) miszelanea osatzera dator argitaratutako liburu berria, eta Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkariek Euskal Prentsaren Urte izendatu zutenaren, 1976aren, errepasoa egiten du, hemeroteka lana Antton Olariagari eta Elixabete Garmendiari egindako elkarrizketa mamitsu banarekin osatuz.
Lanartea Euskararen Langile Profesionalakek Profesionalak izan ginen urtea bigarren liburua aurkeztu du gaur Donostiako Kaputxinoetan. Laineza. Kultura haragi bizitan miszelaneari segida ematera dator lan berria. Euskal Prentsaren Urte izendatu zutenaren, 1976aren, errepasoa egiten du eta, horretarako, hemeroteka lan zorrotza Antton Olariaga irudigileari eta Elixabete Garmendia kazetariari egindako elkarrizketa mamitsu banarekin osatuta dago. “Euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia osatzeko urrats bat” dela dio lantaldeak.
Koldo Izagirrek koordinatu du liburua eta Garbine Ubedak diseinatu eta maketatu. Azaldu dutenez, “liburu hau 1976an profesionaltasuna aldarrikatu zuten kazetari ausarten omenez egina da, bat egiten dugulako haien haserrean. Euskararen langile sortzaileek pairatzen duten tratua, hala kontratuetan nola zergetan edo bost ogasun desberdinen anabasan. 47 urte geroago, ez delako Europan sortzaileei ematen zaiena, are gutxiago zenbait estatutan hizkuntza murriztuek kultura garatzeko jasotzen duten laguntzaren pareko”, idatzi du Miel Anjel Elustondo Lanarteako lehendakariak liburuaren hitzaurrean.
Elustondok euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia ere aipatzen du testu berean: “Hala berean, euskararen langileen genealogia osatzeko bigarren alea dugu liburua. Nondik gatozen ikusiz non eta nola gauden gogoetatzeko, eta, jakina, etorkizun dugun norabidea doitzeko. Badugulako zer doitua, etorkizunik izango badugu”