'Negu hurbilak' (argazkia: Bi Tanta)

‘Negu hurbilak’ filma otsailaren 23an estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokaturiko ihesaldi baten erretratua da filma eta Jone Laspiur aktorea du protagonista nagusia. Zubietako herritarrek ere hartu dute parte aktore lanak egiten.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Otsailaren 23an izango du estreinaldia Hego Euskal Herrian.

Nafarroako Zubieta herrian burutu dituzte grabaketa lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur izan da aktore profesional bakarra. Laspiur neska protagonistaren azalean ikusiko dugu.ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkek bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du.

Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean, mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa, izan zuen filmak mundu mailako estreinaldia. Honetan, epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen filmak. Ordutik hona, beste hainbat zinemalditatik igarota osatu du bidea: SEMINCI – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean esaterako. Halaber, Epaimahai Gaztearen saria eskuratu zuen Madrilgo Margenes Zinemaldian, eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren parte izan zen. Aurrera begira, Atenasko KINO – Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian izango du hurrengo hitzordua.Hori baino lehenago, Begin Again banatzailearen eskutik estreinatuko da filma Hego Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan.

Lantaldea

Negu Kolektiboko kideen zuzendaritzarekin, Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek, Xalba Ramirezek eta Adria Rocak idatzi dute gidoia; Ekain Albite eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari lanetan. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin, Ritxi Lizartza eta Mikel Mas dira filmaren ekoizleak. Halaber, Carlota Darnell eta Roos Van den Heuvel aritu dira ekoizpen exekutiboan; eta Guille Ortuño ekoizpen-elkartuan. Talde artistikoari dagokionean, Jone Laspiur da aktore profesional bakarra, eta Zubietako herritarrak gainerako protagonistak: Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban.

Zabaldu: