(argazkia: Iruñeko Udala)

Artearen eta etxearen inguruko gogoeta bat proposatzen duen erakusketa ikusgai Iruñeko Ziudadelan

Hogeita hamar bat obra piktorikoz osatuta dago erakusketa. Mistoen eraikineko beheko solairuan bisitatu ahal izango da, martxoaren 17ra arte.

Alfredo Sada elkarteak urtero antolatzen duen erakusketa kolektiboa inspiratzeko, artearen eta etxearen arteko harremana aukeratu du gai gisa aurtengoan.

Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikineko beheko solairuan, martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai 28 egileren hogeita hamar bat obra piktoriko biltzen dituen erakusketa. Egileek norbanakoen bizitzan eta gizartean oro har etxea osatzen duten elementuek duten zereginari eta garrantziari buruzko gogoeta egiten dute.

Lanak askotariko teknika eta estilokoak dira. Akuarela, olio-pintura mihise gainean edo akrilikoa, besteak beste, erabili dituzte natura hilak, etxeko txokoak, ateak, leihoak, etxeko hornidura, sukaldeko tresnak, etxeko xehetasunak eta abar islatzeko. Edozein elementu izaten ahal da natura hila soilik baliatuz, edo harekin batera pertsonak edota animaliak ere erabilita konposatutako koadroetan jasotzen den inspirazioaren parte: kolorea, trazuak, geometria, abstrakzioa eta lanen errealismoa.

Erakusketa honen bidez, elkarteak ikuspegi plurala eman nahi du etxea bezalako errealitate konplexu eta atzemanezinaren irudikapen piktorikoaren bitartez.

Etxea artean

Antolatzaileen arabera, etxea etxebizitzarekin identifikatu ohi da, baina bizitzeko espazio fisikoa baino askoz gehiago da. Norbanakoaren lehen unibertsoa da, bertan sortutako esperientzien eta harremanen bitartez, haren emozioak osatzen doazen tokia baita. Etxea ez da bakarrik jan eta lo egiteko tokia; hazi, babestu eta amets egiteko tokia ere bada. Bihotzaren, arimaren eta bertan bizi denaren oroitzapenen adierazpen bat da”.

Etxean bizitako esperientziek gure memorian gordetzen ditugun irudiak sortzen dituztela dio elkarteak, eta hala, “gure etxea osatzen duten espazio eta objektu guztiek oroitzapenak iradokiko dituzte eta konexio sakonak eragingo dituzte, etxea entitate konplexua eta sendoa bihurtuz”.

Etxearen irudikapen piktorikoa behin eta berriz landu den gaia izan da pinturaren historian. “Horrek ez du esan nahi zehazki etxearen irudikapenari buruzko koadro asko pintatu direnik, baizik eta gai anitzetako koadroetan islatuta agertzen direla hura osatzen duten elementuak. Barrura begiratzeko modu asko daude, eta asmo ugari ere bai hori egiterako orduan. Holandako pintoreek bere etxeetan aurkitu zutenak ez du zerikusirik XIX. mendeko artisten pertzepzioekin eta hare gutxiago XX. mendekoenekin. Barnealdeek ez dute beste gai batzuek, historia edo mitologia kasu, izan duten begirune eta estimu bera izan”.

Zabaldu: