Musikari basauriarra egun batzuk pasatzen ari zen Mexikon eta bat-batean hil zen. Caballerok hogei urte eman zituen Gatibu taldearekin 2022an taldea uztea erabaki zuen arte. Gaur egun Peatones taldean ari zen.
Mikel Caballero baxu jotzailea zendu zen ostiralean bihotzekoak jota, 57 urte zituela. Basaurikoa egun batzuk pasatzen ari zen Mexikon eta bertan hil da.
Caballero Gatibu taldearen sortzaileetako bat izan zen 2000. urtean, Alex Sardui taldeko ahotsarekin, Haimar Arejita gitarristarekin eta Gaizka Salazar bateria-jotzailearekin batera. 2022an, baina, musikariak talde bizkaitarrari agur esan zion.
Hogei urte hauetan taldeak argitaratutako hamar diskoetan parte hartu zuen. Gatibun izan zen denboran, taldearen bederatzi diskoetan parte hartu zuen Caballerok: Zoramena (2002), Disko infernu (2005), Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik (2008), Zuzenean bizitzeko gogoa zuzenekoa (2010), Zazpi kantoietan (2012), Euritan dantzan (2014), Aske maitte, aske bizi (2016), Azken indioak (2018) eta Musikak salbatuko gaitu (2020).
Gainera, EraBatera taldeko partaide ere izan zen Gaizka Salazar (Gatibu), Beñat Serna (Ken zazpi) eta Jurgi Ekizarekin (Willis Drummond) batera.
Bestalde, Virginia Fernandez kantariak sortutako Seda taldean sartu zen Caballero 2021ean, Felix Landa (Extremoduro) gitarristarekin eta Galder Creo (Penadas) bateria jotzailearekin batera. Urte hartan kaleratu zuen taldeak bere aurreneko lana, The Belly izenpean. Gaur egun, berriz, Peatones taldean ari zen baxu jotzaile basauriarra.