(argazkia: Bilboko Udala)

Basque Fest jaialdia egingo dute martxoaren 27tik 31ra Bilbon

Jaialdiaren sei tematikek (Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport) publiko eta gustu guztientzako eskaintza zabal bat ekarriko dute Bilbora.

Bilbo Aste Santurako prestatzen ari da, Basque Fest jaialdiko edizio berri batekin. Martxoaren 27tik 31ra, uriko kaleetan kontzertuak, herri kiroletako probak, dastaketak eta sukaldaritza-tailerrak, erromeriak, zinema-emanaldiak eta umeentzako proposamenak eskainiko dira. Denetara 200 jarduera inguru izango dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdi honek plan mordoa eskainiko du, gehienak doakoak eta gustu guztietarako: Gourmet, Kultura, Musika, Sport, Market eta Zinema. Ekitaldiak uri osoan zehar jarritako hogeita hamar agertokitan egingo dira.

Folka emakumeen ahotik

Jaialdian musika estilo guztientzako tartea egongo da: jazz, punk, rock, pop eta erritmo tradizionalenak barne. Aurtengo kartelean, gainera, emakumezkoen ahotsak eta talentu berriak nabarmenduko dira. Kuttune, Sarrabete eta Amaterra izango dira Alondegia Zentroko folk jaialdiko protagonistak.

Jaialdiak, bestalde, Musika atalean zenbait estreinaldi hartuko ditu, hala nola Eider Saezen bakarkako estreinako lana, eta Manu Gaigne eta Puy Barralen proposamen originala, Huesos lanean musika eta poesia uztartuko dituena. “Nota rockeroenak Kafe Antzokiko agertokian entzungo ditugu, gauero euskal talde onenak bertan arituko baitira Basque Fest Rock City-ren testuinguruan: Jim Jones Allstars, Paniks, MFC Chicken, eta abar”.

Gainera, giro magnetikoa sortuko da Martzanako DJen saioetan. Hiriko lokaletan, Azkena aretoan eta Rocket-en, besteak beste, zuzeneko kontzertuak eskainiko dira, Taberna Live Music zikloaren barruan.

Jai-giroa hiriko txoko guztietara iritsiko da kalejiren bidez, Poza Lizentziatua, Villarias, Ledesma eta beste kale batzuetan zehar, baita Gas Plazako erromerietan ere. Bertan, Ziortza eta Leire, Jira Musika eta Ortzadar arituko dira, publikoa dantza egitera gonbidatuz. Bilbotxeros Band taldeak abesti alaiz zipriztinduko du Diputazio kalea, eta Areatzako kaian Dantza Plazan ekitaldia egingo da. Bertan, irakasleek oinarrizko pausoak irakatsiko dizkiete parte-hartzaileei. Artxandak euskal dantzen tailerra hartuko du, eta ondoren Gaztediren eskutik erromeria izango da.

20.000 erle espezie eta To bird or not to bird filmak

Bi titulu ezagun Zinema atalaren kartelerako protagonista izango dira 20.000 erle espezie eta To bird or not to bird.  BBK Aretoak, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Estibaliz Urresolaren film luzea proiektatuko du. Martin Romerok sinatutako animazioko film labur hau ere egunero ikusi ahal izango da 18:00etan, Urresolaren filma baino lehen.

Kultura atala, bere aldetik, proposamen mordoarekin dator: umorea, dantza tradizional eta garaikidea, eta hiriaren historia hobeto ezagutzeko ibilbideak. Bilborocken Humor and basque zikloko monologoak martxoaren 28an, osteguna, estreinatuko dira, Jon Plazaolaren Tu Tum Platz emanaldiarekin, bere ibilbide osoa errepasatuz. Egun bat geroago, Bocabeats Comediaren Tirando del carro lana iritsiko da, euskal bikote komiko arrakastatsuenetako baten inprobisazio-ikuskizun berria: Ivan Perez eta Aitor Vidaurreta. Hilaren 30ean, larunbata, Aroa Berrozperen txanda izango da. Umorez eta bihurrikeriaz azalduko ditu bizitzan zehar aurkitu dituen oztopoak.

Mirentxu eta Begotxu lagunek, beren aldetik, UEFA Women’s Champions League-ren finalari buruzko gogoeta xelebreak azalduko dizkigute itsasadarreko ibilaldietan.

Erripako Moilak kaleko antzerkiko kartela handituko du aurten, Yijaaa!!!, Soy la bomba eta Jacuzzi obrekin.

Gainera, Bizikidetasun Plazan, Aukeran konpainiaren dantza hipnotiko eta koreografiez gozatuko du publikoak. Konpainia horrek Aiurri proiektua aurkeztuko du, gizakiaren mugimendu-beharraren gaineko gogoeta. Isozaki Dorreek marrazten duten espazioan Salbatzaile talde historikoaren dantza tradizionaleko ikuskizuna egongo da.

Etxeko txikientzako ere hainbat jarduera antolatu dituzte: zirku-tailerrak, antzerki eta magiako saioak, Kasilda Iturrizar parkean eta Zabalguneko eraikinean. Aurten euskal pertsonaiarik ospetsuenetako bat ere izango da: Gargantua, umeei Guggenheim Museoaren zabalgunetik ongi etorria emango diena.

Guzti honetaz gain, gastronomia eta kirolei buruzko jarduerak ere izango dira jaialdian.

Zabaldu: