Aurtengo edizioa apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egingo da Euskal Herri osoan, eta Durangoko Zugaza zineman egingo den aurre-estreinaldiak irekiko du, apirilaren 11an. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.
Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, bi hamarkada baino gehiago beteko ditu Euskal Herriko aretoak euskal filmez betetzen. “Edizio berri honetan ere, hasiberriak eta profesionalizaziorako bidean dauden zuzendarien lanak ahalik eta toki gehienetara heltzeko helburua dugu”, azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek.
Antolakuntzaren arabera, “20 urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.
Aurtengo ediziora 22 lan aurkeztu dira eta horietatik zortzi film hautatu dira herriz herri ikus daitezen. “Orotara, 87 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zinema jaialditan saritutako lanak dira”.
Hauxek dira, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak:
–Dena asmatuta dago (Jone Arriola)
–Katalinaren zoria (Guillermo Ordas)
–Erro (Amaia Lejarreta)
–Babesa (Ander Iruretagoyena)
–Mundu berri bat (Mikel Alvarez)
–Zirrara (Ane Cuesta)
–Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
–Betizu buru (Ander Iriarte)
Laburbiraren aurtengo edizioak Durangoko Zugaza zineman apirilaren 11an egingo den aurre-estreinaldiarekin abiatuko du bere ibilbidea.
Emanaldiak antolatzeko eskaerak
Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein udalen izen-ematea zabalik dago webgunean martxoaren amaierara arte. “Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere egongo da proiekzioaren barruan”.