Mai Egurza (argazkia: Donostia Kultura)

Mai Egurza artistaren erakusketa Donostiako Ilustratzailearen txokoan ikusgai bihartik aurrera

Irungoak sortutako ilustrazioak bihartik, hilak 20, ekainaren 9ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Mai Egurza artistak (irun, 1986) Ilustrazioa ikasi zuen Gasteizko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Eskolan. Ondoren, hiru hilabetez Bartzelonako Escola Joso eskolan jarraitu zuen bere formakuntzarekin.

Ikasketak amaitu eta berehala hasi zen lehenengo lan eskaintzak jasotzen. 2011n hasi zen lehenengo liburuak ilustratzen eta Elkar, Bromera, Dibbuks, Larousse eta SM argitaletxeekin lan egin du.

Haur Literaturaren esparruari dagokionez, Elkar argitaletxearekin elkarlanean hiru liburu argitaratu ditu: Leire Bilbaok idatzitako Oihana Hirian (2011), Unai Elorriagaren Zizili (2012) eta Antxiñe Mendizabalen Printzesa eta ergela (2017) liburuen ilustrazio lanak egin ditu, besteak beste. Horiez gain, Ikaselkar argitaletxeak bi urtetik aurrerako haurrek euren emozioak ezagutzeko, kudeatzeko eta besteenak hobeto ulertzeko xedez sortutako Kuku! bildumako Emozio txartelak (2020) ilustratu ditu.

Komikigintzaren alorrari dagokionez, esaterako, 2012an Zidrou gidoilari belgikarrarekin El Paseo de los Sueños argitaratu zuen 2015ean.

Kartelgintza lanetan ere aritu izan da, Irungo Udalarentzat zein Elkar Argitaletxearentzat. Azken honek antolatzen duen  Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketaren 12. edizioaren kartela egin zuen.

2015. urtean Donostiako Liburutegi Nagusian bere lanen erakusketa paratu zuten Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan egiten den Euskadi Fantastikoa egitasmoaren XI. edizioan.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola eta Maitane Bautista. Orain, Mai Egurzaren txanda da.

Zabaldu: