Martxoaren 29an abiatuko dira Bilboko Pabellon 6ko antzerki arineko jardunaldiak

Hamaikagarren edizioa martxoaren 29tik apirilaren 28ra bitartean egingo da eta 16 estreinaldi izango dira.

Udaberriarekin batera, bueltan dira Bilboko Pabellon 6 antzokiko antzerki arineko jardunaldiak. Aurtengoan martxoaren 29tik apirilaren 28ra bitartean egingo dira. Lehenengo lau asteburuetan (martxoaren 29tik apirilaren 21era) hamasei estreinaldi izango dira. Astebururo lau pieza ikusi ahal izango dira (hiru gaztelaniaz eta bat euskaraz). Dramak, gogoetarako uneak, umorea, zuzeneko musika… denetik izango dute jardunaldiek, baina batez ere antzerkia, “antzerkia barra-barra”.

Bosgarren asteburuan, berriz, ostiralean eta larunbatean, hiru pieza gonbidatu taularatuko dira. Azkenik, apirilaren 28an, igande goizean, sari-banaketa egingo da: Muntaia onenari Alex Angulo Saria, Euskarazko lan onenari Kriseilu Saria, Cafe Bar Bilbao – Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezle Onenaren Saria Pabellon 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.

Aurtengo parte-hartzaileen datuak aztertuta, antolatzaileek nabarmendu dute emakumeen presentzia esparru guztietan izango dela. Jardunaldietan parte hartuko duten 38 pertsonetatik 23 emakumezkoak izango dira eta 15 gizonezkoak. Zuzendari postuetan, 11 emakume eta 8 gizon. Azkenik, egileei dagokienez, gaia berdinduta dago 9 gizon eta 9 emakume (zuzendaritza edo sorkuntza batzuk lan taldean eginikoak dira, horregatik 16 baino gehiago dira).

Antzezlanak Pabellon 6en izango dira, eta emanaldiak ostiral eta larunbat arratsaldeetan (19:30etik aurrera) eta igandeetan (saio bikoitza), goizean (12:00etatik aurrera) eta arratsaldean (19:00etatik aurrera) izango dira.

Sarrerei dagokienez, bi bonu mota egongo dira. Bi piezako bonu itxiak jarriko dituzte salgai, 10 euroren truke eta bonu itxiak eguneko pieza guztiak ikusteko 17 euroan.  Pieza guztiak ikusteko bonuak  www.pabellon6.org webgunean eta txarteldegian erreserbatu ahal izango dira eta bi piezako bonuak leihatilan, emanaldiaren egunean bertan soilik.

Zabaldu: