Akademiakideek Bichta éder eta Maitasun kapitala lanen artean hautatu behar izango dute sariduna. Dena ondo bidean, Akademiak apirilaren amaieran emango du ezagutzera 2023ko 111 Akademiaren Saria.
2023. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri du.
Castillo Suarezen Alaska, Eneko Bidegainen Bichta éder, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Josebe Blancoren Hausnarrean, Miren Agur Meaberen Itzulerak, Karmele Jaioren Maitasun kapitala eta Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten zazpi obrak, alegia.
Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen % 40 lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera igaro dira: Eneko Bidegainen Bichta éder eta Karmele Jaioren Maitasun kapitala. Bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 28ra bitartean.
Azken urte hautan, 111 Akademiaren sariaren irabazleak izan dira, besteak beste, Azken etxea (Arantxa Urretabizkaia), Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Argiantza (Pello Lizarralde), Aitaren etxea (Karmele Jaio), Fakirraren ahotsa (Harkaitz Cano), Jenis Joplin (Uxue Alberdi), Elkarrekin esnatzeko ordua (Kirmen Uribe), Atertu arte itxaron (Katixa Agirre), Su zelaiak (Mikel Peruarena), Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe) eta Martutene (Ramon Saizarbitoria).