Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: batetik, gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi; bestetik, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea.
Paperezko bizitzak ipuin lehiaketaren aurreneko edizioko irabazleak ezagutzera eman zituen atzo AEK-Korrikak Gasteizko Eva Forest Liburutopia liburu dendan: Philip Barendrecht, Esteban Martin eta Sara Aranburu.
Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: “batetik, gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi; bestetik, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea. Bi ildo horiek argi utzita jaio zen, aurreko hilabetean, Paperezko bizitzak literatura lehiaketa”, azaldu zuen antolakuntzak.
Lehen edizio honetan 60 sorkuntza-lan inguru jaso direla nabarmendu zuten; horietatik, ondoko bi obra hauek eskuratu dute saria, ex aequo: Sara Aranbururen Basa mortu, arrotza abortu eta Philip Barendrechtek eta Esteban Martinek elkarlanean eginiko Ate automatikoak izenekoek. Hiru egileek jaso zituzten, AEKren eskutik, ipuin eta oroigarri bana lehen sariketan.
Musikak lagunduta abiatu zen atzoko ekitaldia; ondoren, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza kideak egin zituen hasierako aurkezle-lanak, arestian aipaturiko lehiaketaren bi helburuak azpimarratzeko: “Alde batetik, AEKri Euskal Herri osoan hiztun aktiboak sortzea dagokigun heinean, euskalduntzea edozeinentzat doako zerbitzua izan dadin aldarrikatzea; bestetik, egoera irregularrean dauden pertsona horiek eta haien bizipenak ere ikusaraztea”.
Ane Elordik, ostean, euskararen komunitatea ekarri zuen gogora, zeina Korrikaren edizio honetan behin baino gehiagotan aipatu den: “Komunitate hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbesteko zaigu gugana heltzen diren horiek besoak zabalik har ditzagun; haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da erremintak ematea beraien bidea samurtzeko”.
Amaitzeko, epaimahaiaren izenean, Amaia Irureta irakasleak nabarmendu zuen istorioak kontatzeko bi molde oso ezberdin daudela narrazio garaileetan: “Basa mortu, arrotza abortu ipuina testu ederra da, oso ondo landua; egileak hitz-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazteko. Ate automatikoak ipuinean, berriz, idazleak gai izan dira irudi indartsua sortzeko eta irudi hori era egokian baliatzeko”.
Ekitaldian, egileen ahotik entzun ahal izan ziren hala ipuin saritu bakoitzaren sorkuntza prozesuko zertzeladak nola lanak eurak.