Xake Produkzioak konpainiak ‘Postdatarik gabeko gutunak’ antzezlana estreinatuko du igandean, Bilbon

Getari Etxegarairen gidaritzapean, Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta ikusiko ditugu taula gainean. 

Datorren igandean, apirilak 28, Xake Produkzioak antzerki konpainiak Postdatarik gabeko gutunak antzezlana estreinatuko du arratsaldeko 19:30ean, Bilboko BBK aretoan.

Mikelek (Kepa Errasti) kartzelan eman ditu azken bost urteak. Han arrotz baten eskutitzak jaso ditu: denak, postdata hutsarekin. Espetxean eman zuen azken orduan, azken gutuna irakurtzera doa, bere bizitza erabat aldatu baino lehen askatasuna berrezkuratuz. Charlotez (Nerea Ariznabarreta) jantzitako piano-jotzaile mutu misteriotsu baten laguntzarekin, Mikelek bere bizitzaren errepasoa egingo du, jasotako gutunak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte. Errastik berak idatzia eta Getari Etxegaraik zuzendua, euskarazko lan hau denbora errealean egiten da, etenik eta jauzirik gabe, protagonistaren azken ordu hori osorik erakutsiz.

Errastik “lagundutako bakarrizketatzat” jotzen du obra, pertsona bakar batek hitz egiten badu ere, “ez baita benetan bakarrizketa”: piano-jotzaile horrekiko elkarrekintza etengabea da, nahiz eta pianistak hitz bakar bat ere ez esan. Ikuskizunak emozioa eta umorea nahasten ditu, norbere buruarekin gustura egoteari buruz hausnartzeko. “Kartzela bakardadeaz hitz egiteko aitzakia baino ez da, eta inor bakardadera nola ohitu daitekeen hausnartzeko; erabateko aldaketa bati, edota bizimodu berri bati aurre egiterakoan sortzen diren beldurrei buruz hitz egiteko aitzakia, aldaketa horiek bizimodu hobea suposatuko badute ere”, laburbildu du Errastik. “Batzuetan besteen begiradari geure begiradari baino garrantzi handiagoa ematen diogu” ere aipatzen du.

Gidoia Errastik ondu badu ere, Mikel pertsonaiak jasotzen dituen gutunak Iñigo Legorburu idazle eta poeta gipuzkoarrak idatzi ditu. Horrela, aurre egin behar izan dion lanik zailena bihurtu den testua sortu du gidoilariak Legorbururekin batera. Linealki, espazio itxi bakar batean eta pertsonaia bakar batekin egiten den muntaia denez, “aparteko lan bat behar izan du istorioaren ibilbidea laua izan ez zedin eta bizitasuna izan zezan”, eta horretan lagundu dute bai aipatutako Etxegarairen zuzendaritzak bai ekintzarekin batera doan musikak.

Mami Lebrun edo Lur bezalako lanen arrakastaren ondoren, Postdatarik gabeko gutunak Xake Produkzioak konpainia gaztearen laugarren lana da, denbora gutxian bere zigilu bereizgarria sortzen jakin duena, beti umorez, “gai sakon eta filosofiko samarrak jorratzeko”.

Igande honetan BBK aretoan izango den emanaldirako sarrerak salgai daude jada webgunean eta Bilboko Kale Nagusiko leihatilan.

Zabaldu: