Madariagak berak eta Kattalin Lizarraga txapeldunordeak ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Apirilaren 26an jokatu zen Iruñeko Laban Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 38.edizioa. Bertan, sei bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Amaia Fernandez Tabernero (Iruñea), Antton Ciriza Saragüeta (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). Ander Aranburuk aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan.
Hala, lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Antton Ciriza Saragüeta, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Ostean, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu zituen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Bertsolari arantzarrak Julio Soto Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu honetan, Antton Cirizak irabazi zuen sari hori eta Xabier Terreros bertsolariak eman zion garaikurra.