Hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki du Gotzon Barandiaran idazleak bere hirugarren poema liburuan. Maitasunaz ari da honetan, bere belaunaldiaz, elkarbizitzarako baldintzez, hildako deserosoez, isilean errepikatutakoez eta harrapatutako kultura baten nekeez.
Maitasuna da Gotzon Barandiaran idazleak (Larrabetzu, 1974) argitaratu duen Galbahea poema liburuaren ardatza. “Liburuan kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut. Alegia, maitasunaren hariak lotzen ditu guztiak”, adierazi du.
Bizkaitarraren ustez, “bizitzea elkarri itxita dauden geletan egotea dela sinetsarazi gura digute eta gero eta itxarongela gehiago eraikitzen ari zaizkigu. Hormarik gabeko etxea bailitzan eraikitzea izan da nire asmoa. Poema bakoitza bere aurrekoaren eta ostekoaren segida gisa, batzuetan ihardesteko, bestetan lekukoa hartzeko”.
Bere belaunaldikoei zuzendu da Barandiaran poema hauekin. Horiekin elkarrizketatu dela dio. “Poema hauetan nire eta beste askoren ahotsak daude hemen. Badira hezur-haragizkoak eta badira, fikziozkoak ere”.
Idazleak nabarmendu duenez, “belaunaldi kidetzat ditudanei irakurritako literatura, entzundako musika edota bertsoak, ikusitako antzezlanak ekarri ditut. Sorkuntza lan horiek eta neure buruak izan dituzten elkarrizketak transkribatu ditut. Liburu horietako batzuk neuk idatzi ditut, kanta horietako asko neuk kantatu ditut, bertso horietako mordo bat neuk pentsatu ditut. Beste batzuenak dira, baina nik sortu ditut. Beste askok, ostera, nik sortuak ez izanagatik, azkura eragin didatelako daude hemen, azkura intelektuala, batez ere. Esan gura dut, imitazioz sortzea arbuiatu gabe, neure neureak diren moldeez idazten ahalegindu naizela, nik baino hobeto egiten dutenak imitatu gabe. Liburuko poema batek dion eran, orain errazagoa zait zer naizen antzematea, zer ez naizen zerrendatzea baino. Atzera begiratzeaz eta etorkizunean ekiteaz idatzi diet gure belaunaldiari eta neure buruari”.
Memoria ariketa bat egin, orain kanpora orain barrura begiratu, eta aireratu ahal izateko lasta bota nahi izan duela aitortu du egileak. “Galbaheak, kontzeptu gisa, galdera deseroso andana desarratu dizkit: “Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer atseginerako? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? zer baztertu? Zergatik?. Neure burua galbahetu eta gaur orain hemen zer naizen argitzen saiatu naiz, zer dudan lastotzat, zer den bereizi beharreko ale”.
Liburua nahiko aurreratua zuela hil zitzaion ama Barandiarani. “Bere heriotzak galbahearen beharra berretsi zidan. Bizitza eta heriotza bereizteko. Amaren heriotzak iruditeria emozional bat ekarri zidan erauntsian. Etxera itzultzeko behar bat. Bizitzeko eta ekiteko ilusioa aterpetzen diren abiapuntura itzultzeko beharra. Bertan nuen zain, amama Pantxike. Biak izan ditut azkura mingarri ororentzako galbahe eta ukendu”.
Galbahea jendaurrean
Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko izeneko emanaldia ondu du idazleak hainbat musikarirekin eta maiatzaren 25ean aurkeztuko du zuzenean Zarauzko Literaturia jaialdian. Emanaldiaren funtsa Galbahea liburuko poemak dira. Batzuk errezitatuko dituzte eta beste batzuk kantatu, liburuko hainbat poema kanta bihurtu baitituzte: Lander Bilbao (ahotsa, gitarra, xirula), Mariana Blanco (bibolina), Rafa Rueda (gitarra, baxua), Urdin Baraiazarra (mandolina, ahotsa), Uxue Garcia (bibolina), Gotzon Barandiaran (ahotsa).
Horrez gain, Itxaro Bordak eta Barandiaranek berak, elkarrekin aurkeztuko dituzte Bordaren Itzalen tektonika eta Galbahea. “Nork bere poemak zein bestearenak irakurriko ditugu, argitaratu berri ditugun liburuoi buruzko iruzkinak partekatuko ditugu eta bertaratzen direnekin solastuko gara”: ekainaren 18an, Bilboko Biran; ekainaren 19an, Gasteizko Eva Forest Liburutopian; ekainaren 20an, Zarauzko Garoan; eta ekainaren 21ean, Iruñeko Karrikirin.