(argazkia: Alea)

Hainbat euskaltzale Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma biziberritzeko elkartu dira

Asmo horri begira, momentuz ondorengo ekintza hauek iragarri dituzte: Elkarrizketak talde politiko guztiekin; udal bilkuran mozio baten aurkezpena; eta sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatzea. Horretaz gain, aldiro, ekintza desberdinak antolatuko dituzte, behar den momentuan eta behar den formatuan. “Gasteiz Antzokia behar dugu. Euskarak behar du. Hiriak behar du. Aisiak behar du. Denok, euskalduna izan ala ez, behar dugu. Gasteiz Antzokia euskal unibertsoak behar duen arnasgunea da”.

Hamabi urte igaro dira Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma sortu zenetik, Andre Maria Zuriaren plazan. Orduan bezala, oraingoan ere, jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu dira Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.

Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan elkartu dira oraingoan, plaza publikoan. Ez da kasualitatea izan. Izan ere, Gasteizko udalak eraikina zaharberritzeko lanak egin ditu bertan Gasteiz Antzokia kokatzeko. “Lan horiek 2022ko irailaz geroztik amaituta daude, baina oraindik eraikinaren ateek itxita jarraitzen dute, antzokiaren egitasmoa bete gabe. Udalak arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatu ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko”, adierazi dute plataformako kideek.

“Plataforma bezala ezin dugu inolaz ere ulertu egoera hau. Kafkiarra da erabat. Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta”.

2015etik 2022ra Oihaneder Euskararen Etxea martxan izan da Lazarraga elkarteak kudeatuz. “Sormen-faktoria oparoa izan da: bitarte horretan 900 kultur jarduera antolatu dira. Guztira 66.868 erabiltzaile izan ditu. Hori dena galtzen ari gara”.

Bestetik, plataforma kideek ez dute onartzen egitasmo hau diseinatu, mamitu eta gorpuztu duen Lazarraga elkarteari udalaren partetik ematen ari zaion trataera. “Udalak bete ez dituen konpromisoen ardura eta horren ondorio ekonomikoak elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea guztiz injustua da. Ez da onargarria. Are gutxiago kontuan izanda, Gasteizko euskalgintzak bi hamarkada daramatzala egitasmo hau lantzen. Euskalgintzak jarri du materia gris guztia. Kemena. Gogoa. Indarra. Udalari aurrea hartu dio beti. Eta gure udala berandu ibili da. Oso berandu. Horregatik ozen salatu nahi dugu Gasteizko udalaren utzikeria eta borondate falta eta, jakinarazten dugu, plataforma bezala, behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak burutzeko prest gaudela Gasteiz Antzokia behin betikoz errealitate bihurtzeko. Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu”.

Egitasmo hau mamitzen hasi zenetik, gizarte eragile eta instituzioen arteko elkarlanaz sinetsi nahi izan dute. Izan ere, “elkarlana dugu amets. Elkarlana dugu helburu. Errespetua baino ez gara eskatzen ari, berdinen arteko harremana. Eta hori da, hain zuzen ere, udalak praktikatzen ez duena”.

Hala, “Udalak sortu duen arazoa, udalak berak konpon dezala eta Gasteiz Antzokia lehenbailehen abian jar dadila”, eskatzen dute. Benetan borondatea balego, egon litezkeen arazoak konpon litezke. Borondatea behar da, eta ekiteko prestutasuna.

Asmo horri begira, momentuz ondorengo ekintza hauek iragarri dituzte: Elkarrizketak talde politiko guztiekin; udal bilkuran mozio baten aurkezpena; eta sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatzea. Horretaz gain, aldiro, ekintza desberdinak antolatuko dituzte, behar den momentuan eta behar den formatuan. “Gasteiz Antzokia behar dugu. Euskarak behar du. Hiriak behar du. Aisiak behar du. Denok, euskalduna izan ala ez, behar dugu. Gasteiz Antzokia euskal unibertsoak behar duen arnasgunea da”.

Zabaldu: