(argazkia: Oskar Moreno)

Museoen Egunerako egitarau berezia antolatu du Donostiako San Telmo Museoak astebururako

Edizio honetan, berritasun bezala, museoko eliza esperientziak partekatzeko eta sormen tailerretan parte hartzeko espazio bizia bilakatuko da. Sarrera doakoa izango da maiatzaren 18 eta 19an, eta doako bisita gidatuak 18an eskainiko dira, musika eta dantza emanaldiez gain.

Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, ICOMek (International Council of Museums) 1977an sortutako eguna. Data honen xedea museoek gizartearen garapenean duten zereginari buruz jendea sentsibilizatzea da.

Aurten, MNEren ardatz nagusia Museoak Hezkuntza eta Ikerketaren alde lanean da, eta museoak aipatutako bi diziplinak uztartzen diren guneak direla aldarrikatzen du: museoak jakin-mina, sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzen duten hezkuntza zentro dinamiko gisa, eta ikerkuntzan eta ezagutzen hedapenean laguntzen duten eragile gisa.

MNEren planteamendu honek San Telmo Museoaren definizioarekin bat egiten du, eta bere jardueran modu nabarmenean islatzen da. “Ondarearekin konprometituta eta gizartearen zerbitzura dagoen museoa da San Telmo eta bertan ikaskuntza landu, jakin-mina piztu eta ikerketa berritzailea sustatzen da. Horregatik, museoak gizartea gonbidatu nahi du bere esparru guztiak ezagutu eta esploratzera, bere egin dezan, eta xede horrekin berritasunez beteriko egitarau berezia prestatu du”.

Berritasunak egitarauan

Asteburu honetan, maiatzak 18 eta 19, ohiko doako irekieraz gain, bi ardatzek egituratuko dute Museoen Nazioarteko Eguneko egitaraua. Alde batetik, hilaren 18an eta 19an, elizan garatuko den proposamen sortzaile eta parte-hartzailea, eta bestetik bisita gidatuak eta musika eta dantza emanaldiak.

Lehenengoari dagokionez, edizio honetako berritasun gisa, eliza gune bizia bihurtuko da maiatzaren 18 eta 19ko asteburuan, non bisitariak benetako protagonistak bilakatuko diren, museoaren, bere ondarearen eta Erronkak programan lantzen diren gizarte erronken inguruan dituzten iritzi eta esperientziak partekatuz.

Hala, gune irekia bihurtuko da eliza, familiek, taldeek, kolektiboek edo norbanako bisitariek museoarekin, haren ondarearekin eta jarduerarekin dituzten begiradak partekatzeko. “Helburua museoa era sakonagoan ezagutzea, eta norberaren begiradak, interpretazioak, iritziak… lantzea da, horretarako museoak bideratutako baliabideak – marrazkiak, irudiak, hausnarketak… – libreki erabiliz edo J.R. Amondarain artistaren sormen tailerretan parte hartuz”.

Espazio sortzaile hau museoaren ordutegian egongo da zabalik bi egunetan zehar, 18an eta 19an, eta Amondarainek zuzenduko dituen tailerrak larunbatean izango dira, 11:30tik 13:30era eta 17:30tik 19:30era bitartean. Bi kasuetan parte-hartzea librea izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.

Prozesu honetan sortzen diren ariketak eta hausnarketak asteburu horretan elizan ikusgai izango dira, eta ondoz-ondoko ekarpenekin aberastuz eta moldatuz joango dira, museoaren eta gizartearen arteko begirada partekatua sustatuz.

Bigarren ardatzari dagokionez, 18an bisita gidatuak eta musika-emanaldiak eskainiko dira, eta musika eta dantza proposamenak aste horretatik aurrera luzatuko dira.

Hainbat bisita gidatu antolatu dira larunbata 18rako, euskaraz eta gaztelaniaz, bai museoa bere osotasunean ezagutzeko eta bai espazio edota erakusketa zehatzetara hurbiltzeko (berrituak izan diren arte historikoaren eta euskal artearen aretoak). Bisita hauek guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik webgunean erreserba burutu beharra dago.

Egun horretan bertan, 18an, Francisco Escudero Kontserbatorioko gitarra elektrikoko eta baxuko ikasleen musika emanaldiak izango dira klaustroan (11:00etan eta 12:00etan), sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Emanaldien egitaraua, gainera, asteburu horretatik haratago zabalduko da. Maiatzaren 25ean musika eta kantu emanaldiak izango dira elizan, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen eskutik eta ekainaren 15ean dantza emanaldiak eskainiko dira Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik, euskal dantza, dantza garaikidea eta klasikoarekin. Bi kasuetan sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik webgunean erreserba burutu beharko da.

Museoen Nazioarteko Egunaren egitarau berezi honi buruzko xehetasun guztiak (www.santelmomuseoa.eus) webgunean kontsulta daitezke.

Zabaldu: