Lan honen oinarrian euskaraz bizi nahi duen idazle bati gaurko immigrazioak sortzen dizkion galderetatik abiaturiko bilaketa dago.
Pako Sudupe Elortzak (Azkoitia, 1959) Immigrazioa eta abertzaletasuna liburua argitaratu du UEU eta EHUrekin elkarlanean. Bertan, hiru denboraldi jakinetan Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuru handiak indar abertzaleen aldetik zer-nolako diskurtsoak sortu dituen azaltzen ditu.
Egilearen arabera, Hego Euskal Herrian kontzientzia nazionala sortzeko garaian, hiru faktore garrantzitsu egon dira behintzat: 1. Gerra karlistetan galdu izana; 2. Horren ondorioz, foruak galdu izana, eta 3. Migratzaileen etorrera masiboak: “lan honetan, funtsean, hiru periodo jakinetan, 1. 1876-1936; 2. Frankismoan 1950-1970 eta 3. Azken mende bueltan, 2.000tik aurrera, Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuru handiak indar abertzaleen aldetik zer-nolako diskurtsoak sortu dituen azaltzen da, Kataluniakoa ere ukitzen da baina gaingiroki. Ez inola ere modu exhaustiboan, lagin adierazgarri batzuen bitartez baizik. Eta azterketa horretan hizkuntzari garrantzi berezia ematen zaio”.
Hegoaldera mugaturik, hiru etorkin etorrera handi bizi izan ditu Euskal Herriak, Suduperen esanetan: “lehenbizikoa, XIX. mendearen azken laurdenean; zentralismo espainola indar betean zen, eta botere politiko autonomorik ia batere ez zegoen Hego Euskal Herrian. Orduantxe sortu zuen Sabin Arana Goirik Eusko Alderdi Jeltzalea, besteak beste, aditzera emanez euskotarron aberria Euskadi dela eta ez Espainia edo Frantzia, eta foruen garaian independenteak izan ginenez, independenteak izatera heldu behar ginela. Aberkideen arteko ezkontzak-eta hobetsi zituzten, eta xenofobia moralaren ildoko diskurtsoa landu zuten (espainiarrak euskaldunak baino immoralagoak). Garai bertsuko katalanistek, Prat de la Ribak eta, haiek ere guk baino immigrazio gehiago jasorik, bereziki Murtzia eta Andaluziatik, bestelako diskurtsoa sortu zuten. Politika aldetik, Iberiar penintsulako nazioen konfederazioa defendatzen zuten, Nafarroako nabarristak bezalatsu (Iturralde, Campion); eta kultura aldetik hizkuntzari ematen zioten lehentasuna eta ez arrazari”.
Bigarren etorreran, Francoren diktadura garaian, “EAJko agintariak erbestean ziren, eta agintari nagusiek (Manuel Irujo, Jose Antonio Agirre…) espainiar jatorriko etorkinak geureganatu beharra defendatzen zuten, ez haiengandik aparte mantentzea, eta pixkanaka erretorika hori gailendu zen jeltzaleen artean, xenofobia kutsuak alde batera utzirik. Hori bai, integrazio hori gaztelaniaz egin behar zen, ezinbestean, 1936ko gerraurrean egin zen bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan, herri industrializatuenetan. Katalanek jarraitu zuten integrazio sozialaren garrantzia azpimarratzen, eta horretarako katalana ikasi beharra planteatzen. ETAko lehen agintariek, bereziki Txillardegik, funtsean, hizkuntzan oinarrituriko integrazioa proposatzen eta bultzatzen zuten, xenofobia moral orotatik landa, ikuspegi laikoa gidari. Txillardegik integratzeko euskara ikasi beharra, ahoan bilorik gabe proposatzen zuelako etorkinen elkarteekin polemikak izan zituen trantsizioko lehen urteetan. Beste batzuek, hango eta hemengo langileen elkartasunari ematen zioten garrantzia, klase kontzientziari”.
Hirugarren olatua
Iragan mendeko 80ko hamarkadatik aurrera, botere autonomikoa hedatzearekin batera, eta bi hizkuntza ofizialak geureak ditugulako ikuspegiaren baitan, polemikak desagertuz joan direla dio Sudupek, “eta hirugarren olatuarekin batera, immigrazioaren gaia tabu bihurtu da, etorkinen integrazioa gaztelaniatik egitea onartu delarik azken buruan, gehiagoko diskurtso eta planteamenduetatik kanpo. Eta horrek garbi asko salatzen du, beste ezerk baino hobeto, euskara bere lurralde propioan, Euskal Herrian, bigarren mailako hizkuntza izatearekin, mendekoa izatearekin, kontentatzen direla politikariak azken buruan. Azken hamarkadei dagokienez, Julen Zabalok beste hiru lankiderekin batera, 50-80ko immigrazio espainiarrari buruz egindako azterlanari egin diot leku, eta horren ondotik, Iker Iraolak euskal nazionalismo eta immigrazioaz 2013an egindako tesiari. Ondorioa da, kulturaren gainetik, immigrazioaren irakurketa politikoa hobesten dela, eta migratzaileen integrazioari dagokionez, hizkuntzaren gainetik, integrazio politikoa lehenesten dela”.
Suduperen esanetan, hizkuntzari dagokionez, “geure herrian gutxituak geunden euskaldunak (besteak beste, aurreko bi etorkin olatu ez euskaldunduengatik), proportzioan are gutxiago izan gaitezen laguntzen dute, baina kezka hori ez dago politikarien artean. Eta, jakina, euskara behera doan neurrian, independentzia nahia ere bai, salbuespenak salbuespen. Indar abertzaleek ez diote gaiari heltzen. Gurea bezalako estatu gabeko nazio ahul batentzat, aldaketa soziologiko handiak oso arriskutsuak dira, eta euskaldun gisa desagertzeko arriskua gero eta handiagoa. Euskal Herriak autodeterminatzeko eskubidea du, eta euskaraz bizitzeko ere bai; eta, jakina, eskubidea ez ezik betebeharra daukagu euskaraz bizitzeko; ez dago eskubiderik betebeharrik gabe”.