(argazkia: Alberdania)

Hasier Larretxeak ‘Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da’ liburua plazaratu du

Afektibitatea, identitate pertsonala eta homosexualitatea dira liburuaren ardatzak.

Hasier Larretxea (Arraioz, 1982) poeta gisa da batez ere ezaguna. Orain arte sei poema liburu kaleratu ditu. Tarteka, baina, bere kontalari sena ere atera eta testu narratiboren bat eskaintzen digula dio Aritz Galarraga editoreak. Horren adibide dugu Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da liburua.

Idazlearentzat “liburu berezi eta hunkigarria” da argitaratu berri duena. “Bertan, iraganarekin eta landa eremuan 90eko hamarkadan homosexuala izateak suposatu izan zituen une eta egoerak gogora ekarrita, gogoeten, distantziaren eta denboraren haritik tiraka beste begirada batekin iragan ditut garai batean korapiloak edo tenkatzeak ziren eremu haiek”, azaldu du.

Hortaz, familiaren baitako prozesua eta hor aitak egindakoa islatu nahi izan du egileak, bai eta nerabezaroko errebindikazioak, zendutako Iñaki Lareoren eskuari atxikirik. Autobiografia eta dietarioaren arteko hibridazio honetan, musika presente egoteaz gain, idazketaren inguruko gogoetak, eta hiri handiko (Madril) bizitza islatzen saiatu da Larretxea. “Erraten ez direnak ere erraten direnak bezain besteko garrantzia izan dezakete testuen arteko isiluneetan”, adierazi du.

Galarragaren iritziz, “genero aldetik, liburua ez da sailkatzen erraza, dietario baten trazak izan arren (data eta abarreko formalismorik gabea beti ere), baduelako pertsonaia baten eraikuntzatik; narrazioak bildu arren, baduelako poetikotasunetik; idazlearen esperientzia propioak jaso arren, baduelako kontakizun kolektibotik. Ni-aren literaturan sailkatuko genuke ezbairik gabe, eta euskal literaturan hain urri diren oroitzapen, karneta, egunkari sorta gihartzera dator, eskasia hori euskaldunon herabetasunaren beste adibide bat ote?”.

Larretxearen erakustaldi berri honetan idazleari egotzi izan zaizkion gaitasunak aurkituko ditu irakurleak, autobiografiatik oso gertu dagoen testu bat, egitura fragmentarioa duen puzzle osagabe (eta osatu beharreko) bat, lirikotasuna gailentzen zaion prosa indartsu bat, identitatearen eraikuntza erakusteko biluzten zaigun subjektu bat. “Hori herri-hiri, haurtzaro-helduaro, indibiduo-gizarte arteko gatazka unibertsalek blaituta egiten da, gainera”, dio editoreak. “Larretxearen obra literarioa ezagutzen duenari ezinbesteko egingo zaio osotasunaren pieza berri bat den hau; ezagutzen ez duenari, berriz, obra literario horretara sartzeko atea irekiko dio, mundu aberats, argitsu aske baten gozagarri”, amaitu du Galarragak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna