Erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela nabarmentzea ere.
Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltariak Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako canpusean izango du lehen geltokia. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute erakusketa, EHU Kulturaren laguntzarekin, eta irailaren 26tik, Hizkuntzen Europako Egunetik, abenduaren 4ra bitartean egongo da bertan ikusgai.
Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean dagoen Euskararen Interpretazio Zentro berriaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita.
Zentro berria 2023ko otsailean ireki zen, eta Kirmen Uribe idazleak eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta norbanako baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua.
Euskararen Etxea, plazara erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela nabarmentzea ere.
Horretarako, erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen eguneroko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaiak eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edota euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak.
Horrekin batera, erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Hala, EHUk emandako euskarari buruzko hainbat datu jaso ditu erakusketak, eta Leioako Campusean dagoen bitartean, hezkuntza-komunitateak euskara nola bizi duen erakutsiko du.
Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte, euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez.