Zabalik da Gipuzkoako Gazteak Auzolanean programan parte-hartzeko deialdia

Egitasmo honen bidez, gazteei proiektu kolektiboak garatzeko laguntza eskaini nahi zaie. 18 eta 30 urte arteko gazteek urriaren 25era arte aurkeztu ditzakete haien proiektuak.

Proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei babesa emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gazteak Auzolanean diru-laguntza-programaren edizio berri abiatu du aurten ere. Hala, sustatzaileek azaldu dutenez, “gazteek, gizartean eragin positiboa izan dezakeen ideia batetik abiatuta, ondoko gaiei buruzko proiektu bat sortu beharko dute: artea, kultura, ingurumenaren zaintza, jasangarritasuna, genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna, eta gizarte edo komunitatearen eraberritze-proiektuak”.

Gizarte-eraldaketako prozesuak bultzatu eta ingurunea inplikatuko duen proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten gazteak dira diru-laguntza hauen hartzaileak.

Egitasmoak gazteen parte-hartzea bultzatzeaz gain, haien jarrera sortzailea eta ekintzailea sustatzea du helburu, gazteak beraien herri eta hirietako eragile aktibo bihurtuz.

Hautatutako ekimenei, diruz laguntzeaz gain, beharrezko laguntza teknikoa eskainiko zaie lansaio eta jarraipen-tutoretzen bitartez. Hala, gazteek buruan duten ideia hori proiektu bihurtzen lagunduko zaie.

2023an, proiektu berritzaile eta kolaboratibo ugari garatu dira Gipuzkoako hainbat herritan, espazio publikoak berrerabiltzetik sormena, gizarte-kohesioa eta gazteen ekintzailetza sustatzeraino. Nabarmendutako proiektuetako bat Jalgi hadi plazara da Donostian, hirigintza taktikoan inspiratuta, Jose Maria Sert plaza aldi baterako komunitatearentzako gune inklusiboago eta irisgarriago bihurtu zuena, belaunaldien arteko erabilera eta lotura komunitarioen sorrera sustatzeari garrantzi berezia emanez.

Eskabideak urriaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira, dagokien dokumentazioarekin batera. Aurkeztutako proiektu guztietatik bost aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro arteko laguntza jasoko du proiektua 2024ko azaroa eta 2025eko ekaina bitartean garatu ahal izateko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna