Kukai Dantzaren 'Gelajauziak' ikuskizuna (argazkia: Kukai)

Euskaraz sortutako kultura garaikidea iruindarrei hurbiltzeko jaialdia antolatu dute

Iruñaldiak azaroaren 18tik 23ra bitartean izango da hiriko hainbat gunetan.

Azaroan Iruñaldia jaialdia estreinatuko da Iruñean, euskaraz sortutako kultura garaikidea bertako publikoari gerturatzeko. Sei egunez, azaroaren 18tik 23ra, Alde Zaharrak euskal kulturaren proposamen berri eta ausartenak bilduko ditu, musika, dantza, literatura, antzerki eta bertsolaritzari dagokionez.

Hala, lehen edizioak euskal sortzaile erreferenteak eta hainbat diziplinatako talentu berriak elkartuko ditu Iruñeko bederatzi gunetan. Jaialdia azaroaren 18an abiatuko da, astelehenean, bi emanaldi berezirekin. Petti Bera eta Ana Galarraga artistek Frankestein agurgarria disko-liburua aurkeztuko dute, Elkar argitaletxearen eskutik. Ondoren, Udaletxeko plazan Iruñaldiaren inaugurazio-ekitaldia egingo da, Duguna Iruñeko Dantzarien, Broken Brothers Brass Band taldearen eta Sustrai Colina eta Sarai Robles bertsolarien emankizunarekin. Musika, dantza eta bertsolaritza uztartuko ditu emanaldiak.

Hurrengo egunean, Bilboko Pabiloi 6 Gazte Konpainiak Egun zoragarriak antzezlana eskainiko du Gayarre Antzokian. Patxo Telleriak Alfredo Sanzol idazle nafarraren testua oinarri hartuta idatzitako euskarazko bertsioa da honakoa. Komedia ganberro eta sentimental honek, eszena laburren eta umorez zipriztindutako puzzle emozional gisako baten bidez, adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta eguneroko bizitzatik kanpo proiektatzen ditugun fantasiei buruzko hausnarketa egiten du.

Azaroaren 20an, Angel Erroren Itzulpena liburua aurkeztuko da, Pettiren kontzertu akustikoarekin batera, Karrikiri elkarteak.

Literatura, musika, performancea eta dastatzea

Azaroaren 21eko lehenengo proposamena Maria Oses eta Idoia Asurmendiren eskutik etorriko da; Munstroen bila: ohe azpian aurkitutakoak ikuskizuna aurkeztuko dute, Laban. Bi emakume hauek aspaldiko lagunak dira, eta urte hauetan hainbat abesti sortu dituzte elkarrekin; horietako batzuk ez dute, ordea, inoiz argirik ikusi. Egindako lan horiek berrikusi, berrasmatu eta orduan amaitu gabeko piezak sortu dituzte ikuskizun honetarako.

Egun berean, Maialen Lujanbio bertsolaria Katakraken izango da RR proposamen performatiboarekin. Bertsolaritza, hitza eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu lan honek. Hitzekin eraikitako errezitaldi bat da, hizkuntza modu plastikoan erabiltzen duena: soinuz, testu idatziz, hitz lauz, bertsoz… eta aurrez grabatutako soinuekin eta pantailako proiekzioekin elkarreraginean.

Azaroaren 22an, jaialdiak Bozak esperientziaren emanaldi berezia eskainiko du, jaialdirako propio sortutako Loraldiaren ekoizpena. Kondestablearen jauregiko agertokian, hiru lurraldetako hiru emakume: Nerea Erbiti, Lide Hernando eta Maialen Errotabehere. Hiru abeslari eta hiru estilo erabat ezberdin. Nafarroak Nerea Erbiti ekarriko du, jazz munduan eroso mugitzen den abeslaria, eta Ion Celestino eta Joseba Tapiaren bandetan ohikoa dena; nafar kantu zaharrak ere ikertzen eta abesten ditu. Lapurditik Maialen Errotabehereren ahots liluragarria helduko da, grabatu berri duen diskoa aurkezteko; soula eta pop alaia ditu gustuko Nafarroa Behereko abeslariak. Azkenik, Gipuzkoatik Lide Hernando etorriko da, hainbat urtez Liher taldeko ahots izan ostean bakarkako ibilbideari ekin diona: Bele izena du bere oraingo proposamenak, eta musika estilo berriak lantzen ditu: popa, soula, funkya…

Eskaintza hirukoitza jaialdiari amaiera emateko

Azaroaren 23an, hiru proposamen ezberdin izango dira jaialdiari amaiera emateko. Goizean, doako ardo- eta musika-dastaketaz gozatu ahal izango da, Baztango Xurie upategiarekin eta Mikel Inun musikariarekin, Zaldiko Maldikon.

Arratsaldean, Udaletxeko plazan, Kukai Dantza Konpainiak Gelajauziak koreografia eskainiko du, duela bederatzi urte Cesc Gelabertek eta Jon Mayak sortutako lana da. Orain, Kukaik egokitzapen txiki bat egin du, eta formatu txikiago batean eskainiko du.

Azkenik Ai, gure juaneteak ikuskizuna taularatuko dute Nafarroako Antzerki Eskolan. Patxo Telleriarena da obra, eta hainbat musika eta estilotako bakarrizketak uztartzen ditu. Harekin batera, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez izango dira taula gainean. Ai, gure juaneteak ikuskizun eszeniko hibridoa da, hitzak eta musika uztartzen dituena, aktore-musikari baten eta bi musikari-aktoreren bidez. Antzezlanaren testua Mikel Laboaren hainbat abestiren berrinterpretazioa da.

Programa ikusteko, irunaldia.eus.

Zabaldu:

Utzi erantzuna