(argazkia: Euskaltzaindia)

Zazpi ikerketa lan eta ‘Arikala’ ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu dituzte Mintzola mintegian

Bultzatu beharreko bideetako bat ikerlari gazteei aukerak ematea da.

Euskaltzaindiak mintegi berria antolatu du Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritzan. Jon Sarasua eta Eñaut Agirre dira Mintzola egitasmoko zuzendariak, eta Sarasuak egin du hastapeneko mintzaldia. Bertan, mintegiaren helburuak azpimarratu ditu: “Mintzola egitasmoak, bere aro berrian, euskarazko eguneroko hizketaren galdegaiak jarri ditu erdigunean. Hizkera informalak gure eguneko hizketa-jardunean zati handia hartzen du, eta gai horretan ataka bereziak bizi ditu euskarak. Gai horren inguruko ikerketa-ildoak abiarazi ditu Mintzolak: hizkera informala ezaugarritzetik hasi, beronen problematikak aztertzetik segi, berau landu eta hobetzeko metodologietatik pasa, eta hitanoa bezalako baliabideak aztertzeraino”.

Bultzatu beharreko bideetako bat ikerlari gazteei aukerak ematea dela dio Sarasuak, “gradu eta masterretako ikerketak sustatuz, eta ikertzaile harrobia sortuz. Horretarako arlo honetako ikerketak saritzeko deialdia egin genuen joan den ikasturtean ere, eta hainbat ikerketa saritu. Gaur, arlo honetan azken urtean egin diren edo martxan dauden ikerketak aurkeztu dira”.

Orotara, zazpi ikerketa lan eta Arikala ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu dira. Hauek dira Mintzola deialdietan 2024n saritutako bost ikerketak:

Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa (Garazi Dominguez / Gradu amaierako lana); Euskal hizkeren erritmoa (Maddi Ormazabal / Gradu amaierako lana); Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz (Odei Guirado / Master amaierako lana); Nokaren higatzea Ortzaizen (Ana Jaunarena / Master amaierako lana); eta Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua (Oihana Lujanbio / Ikerketa monografikoa).

Mintzola deialdietan saritutako lanez gain, beste ikerketa bat aurkeztu da gaur Tolare baserrian, hain zuzen, Maddi Kintanaren master amaierako lana (Gazteen hizkera BAM eta inguruan).

Azkenik, Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak elkarlanean bideratutako Arikala lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu dituzte Idurre Alonsok eta Xabi Lasak. Horrez gain, Mintzolak lagunduta Eñaut Agirre jorratzen ari den Ahozko hizkeraren ezaugarriak ikerlanaren lehen ondorioak plazaratu dira.

Euskararen akademiak gogoratu duenez, “Mintzolaren lan-eremua euskarazko ahozko jarduna da, bereziki euskarazko eguneroko hizkera, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna