(argazkia: Udalbiltza)

‘Geuretik Sortuak’ egitasmoaren hirugarren edizioa martxan da

Idazle, komikigile, antzerkigile eta zinegileei zuzendutako deialdia azaroaren 25era arte egongo da zabalik.

Euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartu eta euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzea ditu helburu Udalbiltzak bi urtean behin antolatzen duen Geuretik Sortuak bekak. Aurten hirugarren edizioa izango da eta sortzaileek bertan parte hartzeko izen-ematea ireki dute jada. Parte hartu nahi dutenek, beraz, azaroaren 25era arteko epea izango dute izena emateko epea zabalik.

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere”. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du beka honek, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizio honek 2025. eta 2026. urteak hartuko ditu.

Parte hartu nahi dutenek deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak honako helbideetara bidali beharko dituzte: Posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa edota telematikoki, Udalbiltzaren webgunearen bidez, Geuretik Sortuak eta Gardentasuna ataletan, formularioaren bidez (https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/geuretik-sortuak-beka-deialdia/).

Berrikuntzak

Komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza alorrei eutsiko die egitasmoak, baina zenbait berrikuntza izango dira, antzerkigintzaren alorrean batez ere. “Pasa den edizioan, hautatuetako antzezlan bat kale-antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten, hala izaten jarraituko du, baina beste zehaztapen bat ere izango da: gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da”, azaldu du antolakuntzak. Hala, hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia. “Hainbat eragilerekin hitz egin ostean hartutako erabakia izan da; izan ere, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira, eta Geuretik Sortuak beka oso tranpolin ona izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko. Aukera polita bada ere, erronka handia ere bada antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea, eta lan horretarako, bidelagun profesional bat izango dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberriek. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da”.

Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, antzekoak izango dira oinarriak. Udalbiltzaren helburua euskal sortzaileei beka duin bat ematea denez gero, hirugarren edizio hau baliatuko du sortzaileen beharrei ahalik eta era duinenean erantzuteko, beka Euskal Herri mailan kokatzeko eta euskal kulturari merezi duen lekua emateko.

Gainera, berrikuntzen artean, irudi berria ere izango du proiektuak: Udalbiltzak logoa berritu zuen pasa den urtarrileko Batzar Orokorraren ondotik, presentzia komunikatiboa indartu eta gaur egungo beharretara egokitzeko asmoz, eta horren eskutik dator Geuretik Sortuak proiektuaren logo eta iruditeria berria ere.

Zabaldu:

Utzi erantzuna