Arabako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta egon da deialdia, arte eszenikoen (dantza, antzerkia, zirkua eta mimoa) eta musikalen arloetan espezializatzeko banakako prestakuntza sustatzeko.
Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak 2024ko arte eszeniko eta musikalen arloko prestakuntza ekintzetarako laguntzen deialdia ebatzi du, 20.000 eurokoa. Aurkeztutako eskaeretatik lauri eman diete laguntza: Musika eta kantuan Pablo Lopez Ortegari, Julen Arzamendiri eta Beatriz Bertalottori. Arte eszenikoetan, berriz, Urtzi Ganzadori. Bekadun bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du.
Ana Del Val Kultura diputatuak adierazi duenez, “garrantzitsua da laguntza mota horien aldeko apustua egitea, atzerrian prestakuntza jaso dezaten eta beren etorkizuneko lanen kalitatea gero eta handiagoa izan dadin. Horrek, era batera edo bestera, eragina izango du lurraldean”. Halaber, esan du programan bekadunak diren pertsonak oso kontuan hartzen dituela Kultura Ekintza Zerbitzuak, ekintzak programatzeko orduan. Izan ere, haietako batzuek Larunbat Musikalak programan parte hartzen dute.
Deialdi honek 20 urte baino gehiago daramatza indarrean, eta 100 pertsonari baino gehiagori eman die beka. Arabako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, arte eszenikoen (dantza, antzerkia, zirkua eta mimoa) eta musikalen arloetan espezializatzeko banakako prestakuntza sustatzeko; hain zuzen, unibertsitateetan, goi-mailako eskoletan, nazioarteko eskoletan, goi-mailako kontserbatorioetan, dantza eskoletan, antzerki eskoletan, zirku eskoletan eta, oro har, arte prestakuntzako zentroetan egindako prestakuntza bultzatzeko.