Zazpigarren edizio honetan, gorputzaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.
Hitzen Lihoa kultur zikloa antolatu dute izen bereko elkarteko kideek azaroaren 4tik 10era bitartean, Oiartzunen. Urtero bezala, gai baten bueltan antolatu dute egitaraua. zazpigarren edizio honetan, beraz, gorputzaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “arteak eskaintzen dizkigun hainbat prismatatik begiratuko diogu gorputzari, bere esanahi askotarikoak ezagutzeko. Dantza, filosofia, literatura, artea, antzerkia, argazkilaritza eta bertsoa: horiek izango ditugu gorputzera hurbiltzeko bide, azaroan”. Hala, galdera berriak planteatuko dituzte, “aurrez geneuzkan erantzunak zalantzan jarri eta berriak aberasteko”. Elkarrizketa sustatuko dute astebetez, herriko eta Euskal Herriko artisten, zein hurbiltzen diren haur, gazte, heldu eta adinekoen artean.
Egitaraua
Azaroaren 4an emango diote hasiera zikloari Gorputz artean pintura-erakusketaren irekierarekin. Gorputza gai hartuta, antolatzaileek margolanak sortzeko proposamena egin zieten Helduen Tailerretako Margolaritza taldekoei. Egindako lanak azaroaren 4tik 15era bitartean egongo dira ikusgai, Landetxeko sarreran.
Zikloak azaroaren 6an jarraituko du Gorputzak ginen, baina ez geunden horretaz jabetuta manifestuarekin, “Mari Luz Estebani eskatu genion aurtengo Hitzen Lihoaren manifestua idazteko, emaitza Landetxeko oholtzan ikusiko dute bertaratzen direnek.
Ondoren, Vulnerable Tryptich ikerketa-koreografikoa izango da Eneko Gil dantzari eta koreografoaren eskutik, Landetxeko Kultur Aretoan. Duela hiru urte hasi zen Gil maskulinitate normatiboak gorputzetik ikertzen. Egungo ikerketa-koreografikoak gizontasunaren zaurgarritasunaren unibertsoa aztertzen du, hiru adin-tartetan. Vulnerable ikuskizuna 2025ean estreinatuko dute Gilek eta Koldo Arostegik. Bitartean, Hitzen Lihoan, ikerketatik ikuskizunerako bidea partekatuko dute.
Azaroaren 7an, Bereiz liteke pentsamendua gorputzetik? pote filosofikoa antolatu dute, 19:00etan, Kastro Berri tabernan. “Irati Zubiaren eskutik, gorputzaz eta pentsamenduaz hitz egiteko aukera izango dugu, beharbada pentsamenduarekin eta hausnarketarekin lotzen ez dugun leku batean: tabernan. Zubiak irekiko digu bidea hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dugu elkarrizketa”.
Azaroaren 8an, Gorputz artistikoak eta literarioak espazio publikoan: desplazamendu feministak mahai-ingurua antolatu dute, Landetxe Kultur Aretoan. Iratxe Retolazak gidatuta, Jone Rubiok eta Irati Majuelok espazio publikoa habitatzeko eta gorpuzteko moduetan desplazamendu feministak egin dituzten zenbait sortzaileren ekarpenak izango dituzte hizpide, batik bat nobelagintza eta performatzea ardatz hartuta”.
Nahi duguna izango gara antzerki-tailerra
Larunbaterako, azaroak 9, egun osoko egitaraua prestatu dute: 10:00etan, Nahi duguna izango gara antzerki-tailerra, 9-12 urte bitarteko neskentzat, Karaez 4 lokalean.
Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal aktoreek gorputzeko zenbait ataletatik sentimenduak irudikatu eta sortzeko tailerra eskainiko dute, jolas eta ariketen bidez.
11:00etan, berriz, helduei zuzendutako Gorputzgramak lantegia izango da, Arizmendienean. “Lantegiaren kimigrama eta grabatuaren teknikak baliatuta, gure gorputzeko zatiak bilduko ditugu, beste gorputz bat sortzeko, askotarikoa eta denon esku hartzez egina. Argia, argazkilaritza analogikoko likidoak, tinta, papera eta eskura dugun guztia izango da baliagarria bide honetan”. Esperimentatzeko gogoa ekartzea da eskatzen den bakarra. Nagore Legarreta eta Idoia Beratarbide izango dira dinamizatzaileak.
Arratsaldeko 19:00etan, Metrokoadrokaren Artxibo biluzia konferentzia performatiboa izango da, Landetxeko Kultur Aretoan. Dokumentu-antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu taula gainean, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen, dokumentu bat akzio fisikoaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.
Gaueko 22:00etan, Gorputzen errebuelta genero anitzeko argazki saioa izango da, proba-lekuan. “Nola harremanduko lirateke geure gorputzak, zeharkatzen gaituzten baldintzatzaile geruza horiek denak (generoa, arraza, klase soziala…) alde batera uzteko ariketa egingo bagenu? Nola adieraziko genuke geure burua? Zer gertatuko litzateke gorputza erabaki arbitrario horien denen aurrean matxinatuko balitz? Eta elkarrekin egingo bagenu? Zer gertatuko litzateke gorputzek beren “eginkizuna” ez betetzea erabakiko balute? Nola irudikatuko genuke hori guztia? Galdera horien bueltan gorputz biluziak elkarrekintzan erretratatzen dabil Nagore Legarreta argazkilaria, gorputz biluziak elkartuz, mugimenduan jarriz, naturan, gauez, ospatuz, partekatuz eta horretarako leku seguruak baliatuz”.
Zikloari amaiera emateko, igandean, 11:30ean, Alaine Agirreren Odol mamituak liburuaren irakurketa jarraitua izango da, Kontzejupean. “Herritarron artean irakurriko dugu testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek”.
Bestalde, 11:00etatik 13:30era, I. Hitzen Lihoa Liburu Azoka Ttikia jarriko dute Kontzejupean. Oiartzungo idazleen aurtengo lanak eta Alaine Agirreren liburuak eskuratu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
Azkenik, eguerdiko 14:00etan, bertso-bazkari literarioa antolatu dute, Girizia elkartean. Odol mamituak liburuan oinarrituta, Agirrek berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Aner Peritz ariko dira.
Zikloari buruzko informazio guztia, hemen.