(argazkia: Durangoko Azoka)

Sortzaileek euskarazko 18 proposamen plazaratuko dituzte DA! PRO topaketan

Durangoko Azokaren atarian, azaroaren 26an eta 27an, izango da topaketa honen seigarren edizioa.

Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da, aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko.

Hala, euskaraz jarduten duten sortzaileak egongo dira topaketan, euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira. Zuzeneko harreman horren bidez helburu bi lortu nahi dituzte topaketaren bultzatzaileek: “kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea”. Izan ere, Durangoko Azokaren aurtengo lemak dion bezala, “hartzea ematea da”, eta kulturaren zabalpenak hainbat balio ditu; “kultura jasotzea gizarteari bueltan ematea da, eta euskara indartzeko bide bat ere bai”. Hain zuzen, kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute programatzaile eta teknikariek, eta horregatik, gaurkoan eurei begira egin dute deialdia.

Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel liburutegian, eta zortzi proposamenek izango dute lekua: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea.

Bigarren egunean, berriz, musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan; 27 talde eta bakarlarik eman zuten izena, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records.

Hala ere, izena eman duten guztien proposamenak katalogoetan jasoko dira, eta programatzaileei helaraziko zaizkie, urtean zehar ekitaldiak antolatzerakoan lagungarri izan daitezen.

Zornotzan kontzertua

Urtarrilaren 25ean MusikaGaz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa antolatuko du Zornotzako Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 27ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera izango dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna