(argazkia: Donostia Kultura)

Mila Garcia iruindarraren ‘Paperezko arima duten istorioak’ erakusketa paratu dute Donostian

Artista nafarraren obrak abenduaren 8ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Donostiako Literaktum Jaialdiaren barruan kokatzen da Mila Garciaren ‘Paperezko arima duten istorioak’ erakusketa berria. Artista nafarrak paperean landutako kontakizunak jasotzen ditu Aieten ikusgai dagoen erakusketa honek. Donostia Kulturako ordezkariek azaldu dutenez, “mundu magikoen erakustaldi baten aurrean gaude, non egilearen maisutasuna, teknika eta arima pertsonaia eta objektuen xehetasunetan islatzen diren, baita paleta kromatikoaren erabilera fin eta orekatuan ere”.

Garciaren lanak tamaina txikian kontatutako ipuinak eta istorioak dira, hala nola Alizia Herrialde Miresgarrian ipuina. Horretaz gain, Atlantidatik haratago ozeanoaren sakonera esploratzen duten edo Giardino oso berezi bat deskubritzen duten pertsonaia fantastikoak ikus daitezke.

Erakusketa honetako pieza guztiak eskuz eginak dira, paper zatiekin eta “txikitasunaren indarrak eta mundua kondentsatzeko gaitasuna aldarrikatzen dute”.

Paper cut eta papercraft teknika

Mila Garcia (Iruñea, 1973) paper cut eta papercraft teknikan dago espezializatuta. Bere lana oso moldakorra da eta gaur egun batez ere publizitatera eta erakusleiho-apainketara bideratuta dago. Arte horrekin lotutako sormen-tailerrak ere ematen ditu, heldu zein haurrentzako.

Paper mozketaren artearekiko pasioa paper japoniarra ezagutu ondoren sortu zitzaion. Lehen aldiz, Amestutako paradisuak obren multzoan aplikatu zituen; izan ere, Zuricheko Modaren Astean (2011) parte hartzeko egin zituen. Proiektu horretatik eta Florentzian jasotako ezagutzetatik abiatuta, paper bidezko sorkuntza-teknika desberdinak ikertzen eta esperimentatzen hasi zen, hala nola paper cut edo papercraft,  Similarte (www.similarte.com), bere marka pertsonala, sortu zuen arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna