(argazkia: Donostia Kultura)

Literaktum letren jaialdia azaroaren 11tik 24ra egingo da Donostian

Aurtengo edizioan literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen arteko harremanak aztertuko dira.

Donostiako Literaktum letren jaialdiak azaroaren 11tik 24ra du aurtengo hitzordua. Sail eta proposamen berriekin eta, ohi denez, kolaborazio-sare zabalarekin dator aurtengoan ere, bestelako lengoaia eta diziplinekin elkarrizketan literaturara hurbiltzea duen nortasun ezaugarriari eutsiz.

Letrak zeruertzean izango du izenburu aurtengo jaialdiak, eta literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen arteko harremanak aztertuko dira. Egoera bidegabeetatik eratorritako indarkeria eta gatazkek behartutako migrazioen ondoriozko nortasun eza ere izango dira mintzagai Literaktumen.

Jaialdiaren gai nagusiaren harira, Literaktumen izango dira Eduardo Halfon, Fermina Cañaveras, David Ucles, Monika Zgustova, Sergio del Molino, Javier Zamora, Juan  Manuel Zaragoza, Antonio Monegal eta Adania Shibli.

Beste gai batzuen inguruan idatzi dituzten lan berriak aurkeztuko dituzte aldiz, Unai Elorriagak, Sabina Urracak, Karmele Mitxelenak, Maximo Huertak, Beñat Sarasolak, Dolores Redondok, Fatma Aydemirrek eta Carmen Molak.

Jaialdia hasi aurretik, Literaktum aperitifa izango da aurten lehen aldiz, eta Martin Caparros sortzaile argentinarra izango du protagonista gaur, azaroak 7.

Gainera, Luis Martin-Santos idazlearen jaiotzaren mendeurrenean, beste idazle bat, Enrique

Vila-Matas arituko da hark idatzitako Tiempo de silencio nobelaz, San Telmo Museoan ikusgai dagoen erakusketarekin lotutako jardueran. Anne Rearicken argazkiek, Markos Gimenoren palindromoei jarritako irudi-kartelak, Mila Garciaren Paperezko arimadun istorioak eta Irabazi Arte! telesailean oinarritutako erakusketak osatzen dute erakusketen eskaintza.

Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariek, Literaktum Txikiak, musika emanaldiek, errezitaldi musikatuak, irakurketa dramatizatuak, Kafkaren lanetan oinarritutako afariak, eta beste hainbat jarduerek osatzen dute Donostiako hainbat espaziotan gauzatuko den programazioa, literatura hiri osora zabalduz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna