(argazkia: Nafarroa Oinez)

‘Buruz, Bihotzez, Oinez’ izango da 2025ko Nafarroako ikastolen aldeko festaren leloa

Logoak sudurra, bihotza eta ahoa lotzen dituen marra baten mugimenduan irudikatutako buru deseraiki bat erakusten du, kolore biziekin konbinatuta.

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak hartu du datorren urteko Nafarroako ikastolen festa handia antolatzeko lekukoa eta aukeratutako leloa eta logoa aurkezteko egin dute lehen prentsaurrekoa. Leloa Buruz, Bihotzez, Oinez da eta logoa buru deseraiki baten irudia, non begi bat, sudur bat eta aho bat antzematen diren, bihotz bat erdian duela.

Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, “Nafarroa Oinez aipatzen dugunean, sentimendu zurrunbilo bat sentitzen dugu. Ez da euskara bultzatzeko ekimen bat soilik, ez da gure hezkuntza proiektuaren aldeko bultzada bat soilik, Nafarroa Oinez milaka familiaren lana, boluntarioa eta parte-hartzailea da. Komunitatea eginez, sinisten dugun proiektu bat sortu eta aurrera atera nahi dugunaren isla da. Buru pentsalariak dituen proiektua, baina, batez ere, bihotzak dituena eta pausuz pausu aurrera jarraitzen duena: Buruz, bihotzez, oinez”.

Leloa hiru hitzez osatuta dago: Buruz, “buruarekin, arrazoiari erantzunez, helburu argi batekin, baina bere nortasunaren ezaugarriak ahaztu gabe”, azaldu dute antolatzaileek; Bihotzez, “bihotzez, sentimenduz eta emozioz”, nabarmendu dute. Izan ere, “pertsona erdigunean jartzen duen proiektu bat da, bere emozio eta sentimenduei balioa emanez. Euskara eta euskal kultura maite dutelako”; eta Oinez, mugimenduan, aurrera eginez, dinamikoa. “Herritar mugimendu arduratsua direlako eta izaten jarraitu nahi dutelako: plurala, modernoa, ekologikoa eta osasuntsua”.

Logoaren irudiari dagokionez, honek sudurra, bihotza eta ahoa lotzen dituen marra baten mugimenduan irudikatutako buru deseraiki bat erakusten duela azaldu dute, kolore biziekin konbinatuta. Oinez hitza nabarmentzen da, Ikastolen sarea eta kide izateko indartzea helburu duena, haien ordezkaritza aldarrikatuz.

2025eko Nafarroa Oinezen helburuak

“Ikastola izatea”, hezkuntza eredu propioa; “Herri izatea”, gizarte ekimen irekiko proiektua; “Euskara izatea”, gure kultura biziz, bere hedapenarekin konprometituta; “Hezkuntza izatea”, irakaskuntza prozesua bermatuz; “Gizarte izatea”, inguruko proiektuetan inbertituz eta “Jasangarria izatea”, inguruko baliabide guztiak kudeatuz.

Prentsaurrekoan, bestalde, Oinez dendak azaroaren 15ean irekiko dituela ateak aipatu dute, Atarrabiako Kale Nagusian, hain zuzen. Gainera, azaroaren 9an Uharteko Itaroa merkataritza gunean izango den aurkezpen ofizialaren berri eman dute.

Hirugarren Nafarroa Oinez

52 urteko ibilbidearekin, hirugarren Oinez jaia antolatuko du Atarrabiako ikastolak 2025ean. Denera, 780 familiez osatuta dago ikastola, Nafarroa osotik etorritako 1206 ikaslez eta 141 langilez.

Paz de Ziganda ikastola 1970ean sortu zen, “Nuestra señora de Uxue”, bere aitzindaria, 1965ean sortu bazen ere, kokaleku askoren ostean eraikin nagusia 1995ean sortu zen, Atarrabia eta Burlatako mugen artean. Ikasleak Iruñerri osotik eta Nafarroa osoko beste herrietatik datoz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna