Abenduaren 6ra arte egongo da ikusgai Herriko Etxean. Helburua da eremu juridikoan urteetan euskaraz egin den ekarria gizarteratzea eta jendeari erakustea.
Hitzak Lege, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak agertzen dituen erakusketa ibiltaria Donibane Garaziko Herriko Etxean egongo da ikusgai abenduaren 6ra arte.
Hitzak Lege, garrantzi historikoa izan duten euskarazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak agertzen dituen erakusketa ibiltaria.
Erakusketa honen helburu nagusia da euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleratzea. Horretarako, hogeita bost panelez (dokumentuen informazioarekin, lau hizkuntzatan); hiru panel elkarreragilez, hiru panel argiztatuz eta bi mahaitxoz (jatorrizko dokumentuak erakusteko) osaturik dago erakusketa.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, “euskararen lurraldeetan euskara eremu juridikoetan erabili izan denaren adibide dira erakusketa honetan barruratutako dokumentuak”. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Berrian gordetzen diren euskarazko testu juridiko adierazgarrienak “modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan” antolatu ditu erakusketa Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak. “Gure hizkuntza duela mende askotatik egon da presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere. Hori argi ikusten da erakusketa honetan”, adierazi du Loberak.
Dokumentu “bitxiak” ikusgai
Donibane Garazin ikus daitezkeen dokumentuetako batzuk dira: 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan; Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute; 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak); 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago; 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri horretan, Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean; eta 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbon kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen; 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten; 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen; 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina; 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948; eta Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.
Erakusketa ohorezko aretoan izanen da ikusgai, 2024ko abenduaren 6ra arte, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 12:00era eta 14:00etatik 17:30era.