Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Lutxo Egia idazlea, Itziar Ituño aktore eta abeslaria eta Esti Urresola zinemagilea dira taldea osatu duten herritarretako batzuk.
Komunikazioa, kultura edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Antolatzaileen esanetan, oraingoan ere “talde anitza da, “inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez” ariko dena: Eneko Atxa Azurmendi sukaldaria; Oihana Azkorbebeitia Urizar mendi lasterkaria; Aitor Bengoetxea Zabalza musikari eta break dantzaria; Lutxo Egia del Rio idazlea; Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust) trabestia; Ana Goitia Erkiaga kazetari, aurkezle eta umoregilea; Itziar Ituño Martinez aktore eta abeslaria; Roberto Moso Gil komunikatzailea; Zibel Untsain Damestoy dantzaria; Esti Urresola Solaguren zinemagilea; eta Mikel Urrutikoetxea Azkueta pilotaria.
Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, enbaxadore diren heinean, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete.
Laugarren edizioaren leloarekin bat eginez, Elkar mugituz egingo dugu, hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. “Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko”, azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak. Izan ere, “Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen du, baina testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea behar-beharrezkoa da”, argitu du koordinatzaileak. Horretarako, “Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarria”.
Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu dute hitza hamaikakoaren izenean eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea “ilusioz eta erantzukizunez” jaso dutela adierazi dute. “Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko; eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditzen zait”, azaldu du Garciak.
Urresolak, bere aldetik, Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan du. “Ariketaren jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du”, nabarmendu du zinemagileak.
Euskaraldiaren hurrengo ariketa 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da, lehen aldiz, udaberrian. Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azalaraztea izango dute egiteko nagusien artean. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotuta”, azaldu du Urkijok.
Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. “Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu”, azpimarratu nahi izan du ekimenaren koordinatzaileak.