Anne Rearick argazkilariak ‘Gure Bazterrak’ argazki-liburua eta izen bereko erakusketa aurkeztuko ditu aste honetan, Donostian

Liburuaren aurkezpena ostegunean izango da. Hurrengo egunean, azaroak 15, berriz, izen bereko erakusketaren irekiera izango da iluntzeko 19:00etan, Okendo Kultur Etxeko areto zaharrean. Bertan, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleek txalaparta joko dute.

Anne Rearick artistaren Gure bazterrak argazki-liburua aurkeztuko dute ostegunean Donostian. Lan honetan, Rearickek 35 urteetan zehar Euskal Herrian eginiko argazkiak biltzen dira.

1990ean, Anne Rearickek Estatu Batuetako ekialdeko kostaldea utzi eta urtebete eman zuen Ipar Euskal Herriko eguneroko bizitzari argazkiak ateratzen. Bertan, denbora gelditu egin dela ematen du. Horregatik, benetakotasun eta garbitasun uneak harrapatu nahi izan zituen argazkilariak.

Argazki-liburuarekin batera, Rearickek izen bereko erakusketa irekiko du ostiralean, hilak 15, Okendoko Kultur Etxeko erakusketa areto zaharrean. Miarritzeko Mediatekarekin batera antolatutako erakusketa honen irekiera ekitaldian, zuzeneko musika ere entzuteko aukera izango da Donostiako Musika eta Dantza eskolaren eskutik.

Anne Rearick, biografia

Idahon sortu zen, Caldwell hirian. Gloucesterren bizi da gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetan. Argazkilaritza dokumentalaren tradizio handian sartzen da Rearicken lana. Epe luzera lan egiten du, jendearekin eta lekuekin harremanak sakonduz, denborarekin. Argazkitan agertzen direnen eguneroko bizia du oinarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna