Lanak berrehun bat irudiren historia eta sinbolismoa biltzen ditu, pertsonaia horien esentzia jasotzen duen argazki bilduma batez lagunduta.
Borja Romero Landetak (Bilbo, 1994) eta Aitor Santamaria Zuluagak (Bilbo, 1997) Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian liburua kaleratu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. 300 orrialde baino gehiagoren bidez, irudi adierazgarrien kultura-tradizio aberatsa biltzen du lanak. 500 urte baino gehiagotan zehar erraldoi, buruhandi eta Gargantuaren historia, esanahia eta bilakaera aztertuz.
Egileek azaldu dutenez, liburua hiru bloketan banatuta dago: Bilbo, hiriak izan dituen erraldoien eta buruhandien belaunaldien zeharreko ibilbide batekin; Bizkaia, halako jai-elementuok dituzten udalerrien errepaso bat eginez, Amorebietatik (A-tik) Usansolora (U-ra); eta Gargantua hiriak izan dituen sei tripandietako bakoitzaren deskripzio zehatzarekin.
Argitalpen honek berrehun bat irudiren historia eta sinbolismoa biltzen ditu, pertsonaia horien esentzia jasotzen duen argazki bilduma batez lagunduta.
Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian ez da soilik tradizio horiei egindako omenaldi bat, kultura-ondarea berrezagutzeko eta baloratzeko gonbidapena ere bada. Lan honek, tradizio honen memoria gordetzeaz gain, etorkizuneko belaunaldietan haien balioespena eta jarraipena sustatzea bilatzen du. Leixuri Arrizabalaga, euskara, kultura eta kirol diputatuak adierazi duenez, “lan honek balio handiko informazioa biltzen du gure ondarerako eta gure kultura eta ospakizunak maite ditugunontzat”.
Egileak
Romero eta Santamaria Santutxu auzoko Gaztedi Dantzari Taldeko kide aktiboak dira. Erraldoien zaletasunak elkartu ditu eta Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian izenburupeko ikerketa hau egitera animatu ditu.
Romerori dagokionez, hamaika urte zituenetik dabil erraldoien kalejiretan, erromerietan eta euskal folkloreari lotutako bestelako emanaldietan danborra jotzen, nahiz eta erraldoi eta buruhandiekin duen harremana lehenagokoa izan, umetatik izan baita irudi horien zale amorratua.
Santamaria, berriz, matematikako irakaslea da eta bere irakaskuntza lana folklorearen munduko hainbat jarduerekin uztartzen du, besteak beste, Nafarroako gaita eta txistua jo edo erraldoiak dantzatu.
Liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen dendan dago salgai (Bilboko Diputazio kalea, 7), bai eta online ere, www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean.