Euskal kulturaren transmisioa eta sormena sustatzea ditu helburu egitasmoak.
Loraldia Eskolak 2025-26 ikasturteko eskaintza aurkeztu du, eta dagoeneko irekita dago izen-emate epea. Euskal kulturaren transmisioa eta sormena ardatz hartuta, programak aukera paregabea eskainiko die ikastetxeei kultura garaikidearen esperientzia aberasgarriak bizitzeko.
Antolatzaileen esanetan, “antzerkia, musika, literatura, ikus-entzunezkoak eta arte plastikoak bezalako diziplinen bidez, haur eta gazteek euskal kulturaren aberastasuna ezagutzeko eta parte hartzeko aukera izango dute”.
Hala, 2025-26 ikasturterako zazpi egitasmo eskainiko dira, bakoitza adin-talde eta helburu ezberdinei zuzendua: Ttipia, arte plastikoen bidezko sormena (5-8 urte); Lorekolore, euskal kulturaren aniztasuna haurrei hurbiltzea (6-10 urte); Airean, euskal musika garaikidearen transmisioa (8-10 urte); 7 Kantu, euskal kantutegiaren bidezko kultura ezagutza (10-14 urte); Lore Jokoak, pastoralaren eta antzerkiaren sormena (11-16 urte); Kamara Sartu!, ikus-entzunezkoen bidezko esperimentazioa (12-18 urte); eta Loreak Tailerretan, proiektu kolektibo ekintzaileak (12-18 urte).
Hezkuntza eta kultura eskutik helduta
Loraldia Eskolak ikastetxeekin elkarlanean garatzen ditu programak, irakasleei eta ikasleei baliabide pedagogiko eta artistikoak eskainiz. Egitasmo bakoitzak gida pedagogiko propioa dauka, eta sormen prozesuan euskal kulturako profesionalek parte hartzen dute, hezkuntza esperientzia ahalik eta aberasgarriena izan dadin.
Ikastetxeek dagoeneko 2025-26 ikasturterako izena eman dezakete. Informazio gehiago eta izen-emate orria www.loraldia.eus/eskola webgunean eskuragarri dago.